AKTUALITATEA


| 2024-10-24 17:59:00

EH Bilduren Irungo udal taldeak tasa eta zergen inguruko akordioa sinatu du, udal gobernuan gutxiengoan dagoen PSErekin. 2025ean irundarrei ezarriko zaizkien tasen eta zergen sistema bidezkoagoa izateko ekarpena egin du EH Bilduk, udal gobernuaren jatorrizko proposamena hobetuta.

Tasen igoerari %3,9ko muga ezarri zaio eta progresibitatea modu mailakatuan aplikatzeko konpromisoa lortu da. Izan ere, oinarrizko produktuen garestitzeak eta inflazioak eragin zuzena izan dute soldaten eta pentsioen eros ahalmenean, eta PSEren udal gobernuak egindako tasa eta zerga guztien %4,3ko igoera ez zegoen arrazoitua.

Era berean, irundarrek udal dirulaguntzak eta hobariak eskuratzeko izapidetzeak erraztea ere jaso du akordio politikoak. Hala, Irungo Udalak sistema bat diseinatu beharko du hiritarrek aurkeztu beharreko dokumentazioa bere kabuz eskuratu ahal izateko.

EH Bilduren ustez, ezinbestekoa da erakunde publikoek eskaini beharreko zerbitzu publikoak kalitatezkoak izatea. Legealdi hasieran hartutako konpromisoari jarraiki, irundarren bizi baldintzak hobetzeko norabidean, lehen pausoa eman da tasa eta zergak ezartzeko akordio politikoarekin. Aurrerantzean ere, adostasunetara iristeko aukerak baliatzeko prestutasuna du EH Bilduren Irungo udal taldeak.