AKTUALITATEA


| 2024-11-14 09:19:00

Aurrekontuak negoziatzeko prozesuan, gaur, EH Bilduren Gipuzkoako ordezkariek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bilera izango dute. Orain arte bezala, talde subiranistaren jarrera eraikitzailea izango da, Gipuzkoan duen ordezkaritza eta ardurarekiko koherentziarekin.

Egoerak zuhurtziaz eta seriotasunez aritzea eskatzen du, eta aurrez EH Bilduk proposatu zuen aurrekontuen negoziaziorako eskaintza globalean jaso bezala, herri ikuspegiz jokatzea eskatzen du testuinguruak. Hain justu, lehentasunezkoak dira zaintza, etxebizitza eta trantsizio ekosozialaren erronkak, eta baliabide publikoak horiei erantzuteko norabidean inbertitu behar dira.

Geroz eta handiagoak diren behar sozialen garaian, 2025eko aurrekontu proiektu osoarekiko, zaintza eta gizarte politiken pisu portzentuala txikiagoa da iazkoa baino. Beraz, aurrekontuaren norabidea aldatzea ezinbestekoa da, zaintza sistema publiko komunitarioa eraikitzeko bidea egiten hasteko.

 

Bide horretan, herritarrek zaintza zerbitzuengatik ordaintzen duten kopurua murriztu egin behar da. Lehen urrats gisa, ordaindu beharrik ez izateko gaur egun dagoen diru sarreren muga zabaldu behar da, horretarako erabiltzen diren erreferentzia indizeak berrikusita. Horrez gain, udalei finantza nahikotasuna bermatu ahal izateko, areagotu egin behar da etxez etxeko laguntzara bideratzen den inbertsio publikoa. Doakotasunaz gain, zaintzen prestazioan dagoen irabazi asmoa murriztea ere beharrezkoa da, eta aldundiak azpikontratatzeko egiten dituen lehiaketetan irabazi asmorik gabeko elkarteak lehenesteko klausula sozialak sartu beharko lituzke.

 

Trantsizio ekosozialean jauzi kualitatiboa egiteko unea da, eta, bide horretan, Batzar Nagusiek hartutako erabakiaren bidetik, garraio publikoan egun indarrean dauden deskontuei eusteko konpromisoa baliabidez hornitzea ere hartzea ezinbestekoa da.

 

Euskararen alorrean azken urteotako datu soziolinguistikoek erakusten duten errealitatearen aurrean, normalizaziorako jauzia egitea behar da. Gipuzkoan badaude baldintza abangoardiako hizkuntza-politikak egiteko, hala nola, haur eta nerabeen euskarazko aisialdia bermatzea edota arnasguneak indartuta.