AKTUALITATEA


| 2025-02-14 10:06:00

Euskal Herria Bilduren Gipuzkoako bozeramaile Maddalen Iriartek diru-bilketaren jaitsierak herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzu publikoetan ondorioak izan ditzakeela salatu du batzar nagusietako erakunde batzordean, eta hori gainditzeko, zerga erreforma sakona beharrezkoa dela berretsi du, Gipuzkoan gehiengoz onartutako akordioan oinarrituta.

 

Atzo Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan baieztatu zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunen artean aurrekontuetan aurreikusitakoa baino diru gutxiago bildu dela. Horren berri emateko Gipuzkoako Batzar Nagusietan egin den Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordean EH Bilduk salatu du ondorioak izan ditzakeela horrek herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuetan, Jaurlaritzak, aldundiek eta baita udalek eskaintzen dituztenetan ere. Horregatik, ezinbestekotzat du diru-bilketa nahikotasunez bermatzea, era justu eta progresiboan. Alegia, azken hilabeteetan aldarrikatu duen zerga erreforma sakona beharrezkoa dela berretsi du.

 

EH Bilduren bozeramaile Maddalen Iriartek gogora ekarri duenez, Gipuzkoa abangoardia izan da ponentzia bat martxan jartzen, eztabaida bat egiten erronka eta behar berriak kontuan izanik 2024. urtean adostasuna lortzen. “Beraz, ez da onargarria hainbeste urrutiratu izana hain hilabete gutxian”.

 

EH Bilduk uste du hiru ardatz zutabe direla adostutako akordioaren norabidea, testuaren izpirituaren araberakoa izateko. Batetik, PFEZ-eko lan errentetan goiko tarteetan tributazioa handitzea. Bestetik, Lan errentak eta kapital errentak berdintzen joatea eta azkenik, Sozietate Zergan Kontabilitate emaitzarekiko Minimo bat adostea.

 

Hemendik eta datozen hamar edo hamabost urteetarako zerga bilketa sistema beharko genuke. Eta EH Bilduren ustez Gipuzkoako foru gobernu honek egin duen Foru arauak ez du hori bermatzen. “Are gehiago, gehitu du Iriartek, “orain gobernu kideen artean ere desadostasunak ikusten ari gara. Baina, uste dugu oraindik garaiz gaudela gobernuko bazkideen artean eta EH Bilduren artean lortutako akordioaren norabidean fiskalitate justu eta progresiboago bat lortzeko”.