AKTUALITATEA


| 2024-11-07 12:00:00

Gipuzkoako Batzar Nagusietan 2025eko aurrekontu proiektua aurkezteko Ogasun eta Finantzen batzordean Eider Mendoza ahaldun nagusiak eta Itziar Agirre diputatuak egindako agerraldian izan dira Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramailea eta Haritz Perez batzarkidea. Lehenik, Iriartek azaldu du aldundiaren diagnostikoarekin bat etorrita ere, erronkei aurre egiteko aurrekontu proposamenik ez duela ikusi. Hala ere, norabidea zuzentzeko proposamenak egiteko konpromisoa berretsi du. Bigarrenik, Perezek adierazi du zerga erreformaren foru araua indarrean sartu behar zen urteko aurrekontuak lantzen ari garela, foru arauari buruz EH Bilduk ez dakienean ezer.

EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaile Maddalen Iriartek berriz adierazi du aldundiak aurkeztutako diagnostikoa eta identifikatutako erronkak konpartitzen dituela, eta “orain diskurtso hori materializatzeko unea” dela. “Erronka horiei eman beharreko erantzunaren nolakotasuna eta norabidea zein izango den aurrekontu proiektu honen garapenak ere markatu dezake eta”, gehitu du.

 

Aurrekontu proiektua aurkeztean, ahaldun nagusiak adierazi zuen helburu nagusia pertsonen zaintzan eta babesean aurrera egitea, enpresen berrikuntza eta lehiakortasuna indartzea eta jasangarritasunean eta trantsizio ekologikoan sakontzea dela. Horri helduta esan du Iriartek norabide aldaketa behar dela: “Herritarrek eman diguten mandatuari egoki erantzun nahi badiogu, diagnostiko partekatu horretatik abiatuta, aurrekontuaren norabidea aldatu egin behar da, gaur gaurkoz, aurkeztutakoak ez baitie erantzuten aurrean ditugun erronkei”.

 

Esaterako, diagnostikoan gero eta handiagoak diren behar sozialei eta zaintzari garrantzia aitortu zaie, eta zaintza eta gizarte politiketan indar handiagoa egin behar dela adierazi da, baina, aurrekontu osoarekiko alor horien pisu portzentuala txikiagoa da  iazkoa  baino. Iriartek adierazi du gauza bera gertatzen dela emakume eta gizonen arteko berdintasunarekin, euskararen sustapenarekin eta beste hainbat arlorekin ere.

 

Beharrei eta erronkei behar den neurrian erantzutea da gure helburua eta gure ekarpena bide horretan egingo dugu. Helburu horri heltzeko bidelagun izango gaituzu”, adierazi dio Iriartek ahaldun nagusiari.

 

Itziar Agirrek emandako azalpenen ondotik, Perez batzarkideak adieraiz du hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela. “2025eko aurrekontuak lantzen ari gara, zerga erreforma indarrean sartu behar zen urteko aurrekontuak, zerga erreformaren foru arauari buruz ezer ez dakigun honetan. Eta hau ez da arduratsua”, adierazi du. Eta, horretan ere, hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da, “batzorde honek berak onartutako ondorioen txostena oinarri hartuta zerga erreforma foru arau bihurtzeko berandu goaz”.

Hilabete gutxi dira zerga erreformari buruzko akordioa lortu zela, EH Bildu, EAJ eta PSEren artean. Horrek bide ematen zuen herri honek, baita Gipuzkoak berak ere behar duen inbertsio publikoan jauzia ematera. Baina, aldundiak astelehenean aurkeztuko du araua, akordioa sinatu zuen EH Bilduren parte hartzerik gabe.

Akordio hori betetzeak, gure zerga sistema progresiboagoa eta justuagoa egiteaz gain euskal gizarteak eskatzen dizkigun herri akordioetara hurbilduko gintuzke, konfiantza eraikitzen lagunduko liguke. Aurrekontu hauek aurrera ateratzeko ere.