AKTUALITATEA


| 2024-02-09 12:47:00

Foru Aldundiak 2024ko aurrekontuen negoziaketetan porrot egin ostean, blokeatuta gelditu dira. Egoera horretan, 30 milioi eurotako gerakina dago, eta egungo Foru Gobernuak ez du horien inguruko proposamenik egin. EH Bilduk aurre hartu eta bere planteamendua egin du.

 

Foru Gobernuak 2024ko aurrekontuak ez zituen aurrera atera, baina “Gipuzkoak ezin du geldirik egon, herritarren beharrek eta lurraldearen erronkek berehalako erantzuna behar baitute eta ezinbestekoa delako epe luzeagoko erronkak finkatzea”, argudiatu du Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak.

 

Gipuzkoako aurrekontuan 30 M€ko gerakina dago, eta diru hori herrialdeak aurrez aurre dituen erronkei eta egoera berriei heltzeko baliatu behar da. Iriartek adierazi du EH Bilduk ez duela ulertzen nolatan EAJ eta PSEk gidatzen duten aldundiak ez duen aurkeztu oraindik Batzar Nagusietan Foru Araurik aurtengo aurrekonturako zituen 30 milioi euro gehigarriak gaitzeko eta zertarako erabiliko dituen zehazteko.

 

Atzo, berriz, EAJk eta PSEk datozen urteetarako plan estrategikoa aurkeztu zuten. EH Bildutik Ahaldun Nagusiari adierazi zitzaion plan estrategiko batek ezin duela izan asmo onen bilkura soil bat. “Konpromiso zehatzak behar ditu: zein oinarri ekonomiko izango duen, nola finantzatuko den, nola bermatuko den eta nola ebaluatuko den”, argudiatu du Iriartek.

 

Blokeo egoera horretan, EH Bildu herrialdeko lehen indar politikoa izanik eta horrek ematen dituen ardurak aintzat hartuta, ekimena hartu eta gipuzkoarrek horren beharrezkoak dituzten neurri zehatzak planteatu ditu; aurrekontu negoziaketara eraman ziren lan ildo berak:

 

Etorkizuneko zaintza beharrei aurre hartu eta eredu publiko-komunitarioaranzko bidea trantsitatzea ezinbestekoa izango dela dio Iriartek: lehenik, adinekoen eta menpekoen zaintzarako familiei bideratutako diru laguntzak handitzea, familia bakoitzak zaintzarako kontratatzen dituzten pertsonak ordu gehiagoz kontratatzeko moduan izateko eta langile horiek zaintzaile lan-baldintza duinak izateko; bigarrenik, zaintza publiko-komunitario eta doakoranzko trantsizioa bermatzeko eta bultzatzeko, udalentzat funts berezi bat sortu, etxez etxekoa indartu eta tokian tokiko zaintza ekosistemak martxan jartzeko.

 

Gipuzkoako ehun ekonomikoaren ardatza diren enpresa txiki eta ertainei, zein autonomo eta tokiko merkatariei akonpainamendu publikoaren alde lan egin nahi du EH Bilduk. Zuzeneko diru-laguntzen partida handitzea proposatzen da, bi helbururekin: energiaren garestitzeari aurre egiteko, eta energia, ingurumen zein digitalizazioaren trantsizioak egiten laguntzeko. Halaber, eskualdez eskualdeko garapen agentzien bidez, deliberazio prozesuak susta ditzala aldundiak legealdi honetan. Elikadura sistemaz, industriaren birmoldaketaz, mugikortasun ereduaz eta estrategikoak diren gainerako arloez hausnartu eta erabakiak har daitezen, gobernantza kooperatiboaren bidez.

 

Bizitzaren garestitzeari aurre egiteko ere neurriak aurreikusten ditu EH Bilduk, garraio publikoa herritar guztien eskura jartzeko maiztasunak areagotuz, autobus kopurua igoz eta elektrifikaziorantz abiatzeko estrategia martxan jarriz.

 

Euskarak eta aisialdiak ere bere tokia izango du proposamen honetan. Herri hezitzaileen proiektu integrala lurralde osora hedatzea da asmoa, haur eta nerabeen aisialdian euskararen sustapen osoa bermatzeko, UEMArekin elkarlana sustatuz.