AKTUALITATEA


| 2025-11-21 10:39:00

EH Bilduk berresten du prest dagoela elkarrizketaren bidetik jarraitzeko, betiere argi utzita zaila dela konfiantzazko marko bat eraikitzea, ardatz dituen gaien inguruko zalantzak argitu gabe eta gertuko harreman baterako konpromisorik gabe.


Astea igaro da EH Bilduren Gipuzkoako ordezkariek eta Foru Aldundiak 2026ko aurrekontuen negoziazioaren testuinguruan egin zuten bileratik. Bilera hartan, ezker subiranistak hainbat galdera eta argibide eskaera jarri zituen mahai gainean, eta Aldundiak erantzunak emateko konpromisoa hartu zuen.Hala ere, denborak aurrera egin ahala, EH Bilduk ez du inolako informaziorik jaso, eta, ondorioz, uste du negoziazio prozesuaren gardentasuna eta seriotasuna zalantzan jarri direla, negoziazio erreal eta eraginkor batek ezinbestekoa duelako informazioa partekatzea eta galderak denboraz erantzutea.


EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaile Maddalen Iriartek adierazi duenez, “momentua da herri akordioak bilatzeko, eta ez aritmetika hutsera mugatutako indar politiko atzerakoien edo erresidualen eskutik norabiderik gabeko urratsak emateko.”


Ezker subiranistak berretsi nahi du, zentzu horretan, prest dagoela elkarrizketaren bidetik jarraitzeko, betiere argi utzita zaila dela konfiantzazko marko bat eraikitzea, ardatz ditugun gaien inguruko zalantzak argitu gabe eta gertuko harreman baterako konpromisorik gabe.


Zaintzaren ingurukoak dira mahai gainean jarritako kezka nagusiak. Batetik, EH Bilduk jakin nahi du zaintza zerbitzuen unibertsaltasunerako zein urrats emango duen EAJ eta PSEk osatzen duen gobernuak, herritarrek ordaintzen dutena murriztuz joan dadin. Edota, asmorik ba ote duen Foru gobernuak zaintza zerbitzuetatik irabazi asmoa ezabatzeko, eta hala balitz, nola egingo duen. Mendekotasun-balorazioei dagokienez ere, Batzar Nagusietan EH Bilduk eskatua du epeak hilabetera murriztea, eta Aldundiak hori nola beteko duen jakin nahi du.


Ekonomia sustapena da beste lehentasunetako bat EH Bildurentzat, eta besteak beste, enpresa txiki eta ertainei zein autonomoei akonpainamendu publikoa bermatzea proposatzen du, dirulaguntza-lerro berriak eta aholkularitza teknikoa emanda. Bide horretan Aldundiak horretarako aurreikuspenik baduen jakin nahi du.


Euskararen arloan, 0-16 urteko haur eta gazteen aisialdi antolatua erabat euskaraz izateaz, bestalde, Foru gobernuak zer dioen ere jakin nahi du.


Eta amaitzeko, etxebizitzaren arazoari dagokionez, edukitzaile handien gaineko eskualdaketen zerga handitzeko eta kenkari-sistemak berrikusteko konpromiso politikoa har dezala eskatzen dio ezker subiranistak Foru Aldundiari, politika fiskal bidezkoago eta progresiboago baterantz bidea egiteko.


Erantzunik gabeko galderetako batzuk baino ez dira horiek.


Gauzak horrela, EH Bilduk EAJk eta PSEk osatzen duten gobernuari eskatzen dio galdera horiei erantzun diezaiela, eta utz ditzala alde batera edukirik gabeko negoziazioak, eta erantzukizunez eta zintzotasunez jokatu dezala. EH Bildu prest dago gipuzkoarren gehiengo zabala ordezkatuko dituen akordioak bilatzeko.