Hamar urte baino gehiago pasa dira Gipuzkoako Bizikletaren Estrategiaren lehen planean udalez gaindiko bizikleta publikoaren esperientzia pilotu bat abiatzea onartu zenetik. Aldundiak oraindik ez du gauzatu, eta hori bideratzeko orain hilabete batzuk Astigarragako alkateak egindako proposamenari erantzun eraginkorrik ez dio eman.
Gipuzkoako Bizikletaren Estrategiaren bigarren planaren (2025-2032) helburuetako bat da bizikletaren erabilera sendotzea herrialdeko eguneroko garraiobide seguru eta irisgarri gisa, eta, horrela, osasun publikoa hobetzen, emisioak murrizten, lurralde ekitatea lortzen eta espazio publikoa eraldatzen laguntzea.
Hori gauzatzeko zehazten den ekintzetako bat da udalez gaindiko bizikleta publikoaren esperientzia pilotu bat martxan jartzea (2.1.3 puntua) eta baita udalez gaindiko bizikleta publikoko sistemak ezartzeko bideragarritasun azterlana egitea ere (2.1.2).
Bizikletaren kontseiluak Gipuzkoako Bizikletaren Estrategiaren lehenengo planean, (2015-2022) 2015eko martxoan onartu zena, jadanik aurreikusten zen hori bera, alegia, udalez gaindiko bizikleta publikoaren esperientzia pilotu bat abiatzea.
EH Bilduren batzarkide Oskar Bordesek azaldu duenez, gaur gaurkoz ez zaio horri erantzun, “legealdia amaitzen denerako, urtebete falta da, hamabi urte izango dira hartutako erabaki hori bete gabe, hiru diputatuk izan dute horretarako ardura: Mari Sol Garmendiak, Rafaela Romerok eta Jose Ignacio Asensiok.” Urtea amaitzerako hori betetzea eskatu du talde subiranistako batzarkideak, eta baita beharrezko inbertsioak egin ditzala.
Planean jasotakoari helduz, 2025. urteko uztailean egin zen Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluko bileran, Astigarragako alkate Xabier Urdangarin Lasak jakinarazi zuen interesa zuela aurreikusitako esperientzia pilotuan parte hartzeko. Eta handik hilabete batzuetara, azaroan, helburu berberarekin Jose Ignacio Asensio Basterra Jasangarritasun Departamentuko foru diputatuari gutuna bidali zion.
Komunikazio horretan, aurreko hiru urteotan Donostiako Udalarekin elkarlanean Donostiako Udalaren dBizi zerbitzua Astigarragara luzatzeko aukera aztertzen aritu zirela azaltzen zaio. Lanketa hori egiteko, Donostiako Udalarekin lan-protokoloa finkatu eta onartu zutela eta baita ere, elkarrekin aztertu zituztela aukera horren alderdi juridiko, tekniko nahiz ekonomikoak. Eta azterketa horren bidez, argitu eta zehaztuta daudela zerbitzu hori martxan jartzeko eman beharreko urratsak.
Halaber, lanketa partekatu horren haritik, ondorio garbi batzuk atera zituztela jakinarazi zioten diputatuari. Laburbilduz, hiri arteko bizikleta-zerbitzua udalez gaindiko erakunderen batek gidatu eta ezarri behar du (beste hainbat lekutan egin den bezala, Bizkaian, Bartzelonan...), udalen finantzaketa eta kudeaketa partekatuarekin. Erronka horri erantzuteko erakunde egokia Gipuzkoako Foru Aldundia dela ere proposatzen zaio diputatuari.
Departamentuak azaroaren 21ean erantzun zion proposamenari adieraziz azterketa bat esleituta zuela helburu horrekin eta urte hasierarako proba pilotua martxan jartzeko baldintzak emango zirela. “Maiatzean gaude jada, proposatzen genuena da berrestea proba pilotua urtea amaitu baino lehen egongo dela eta hori ere ez duzue sinatu nahi izan. Konpromiso hori ez duzue hartu nahi izan, deitoratu du Bordesek.