Iazko ekitaldira arte, errenta-kanpainan indarrean egon zen aukera hori: banantze edo dibortzio kasuetan, gurasoek seme-alaba adingabeekin baterako aitorpena egin zezaketen, bai zaintza esklusiboko kasuetan, bai zaintza partekatuko kasuetan, betiere azken kasu horretan gurasoen arteko adostasuna bazegoen.
Baina EAJk, PSEk eta Podemosek aldaketa bat egin zuten zerga berrikuspenean, eta, horren ondorioz, bananduta dauden gurasoek galdu egin dute seme-alabekin familia unitatea osatu eta baterako aitorpena aurkezteko eskubidea. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 60.000 pertsona ingururi eragin diezaioke aldaketa honek, eta kezka handia sortu du; izan ere, 1.000 eta 3.000 € bitarte jasotzeari utziko diote.
Egoera bereziki larria da zaintza esklusiboko kasuetan, gehienbat emakumeei baitagokie. Orain arte, zaintza nahikoa arrazoi zen familia-unitatea osatzeko. Orain, ez. Orain, Ogasunak, gainera, adingabeen mantenu ekonomikoa esklusiboki bere gain hartzea eskatzen du (hori ia ezinezkoa da), edo genero-indarkeriaren biktima izatearen aitorpen ofiziala izatea.
Banandu ondoren, adingabeak bizi diren etxekoen unitatearen egoera ekonomikoak okerrera egiten du nabarmen: gastu bikoiztuak agertzen dira, eskala-ekonomia galtzen da eta haur-pobreziaren arriskua handitzen da. Zergak errealitate hori existituko ez balitz bezala konfiguratzeak progresibotasuna murrizten du eta desberdintasunak larriagotzen ditu.
Ezin daiteke onartu gauetik goizera beren egoera ekonomikoa nabarmen okertzen ikusi duten familiak fiskalki zigortzea, eta horrek eragin bereziki negatiboa izatea banandutako emakumeengan; eta berrikuspen fiskalaren kostua adingabeen sorbalden gain uztea.
EH Bilduk bere garaian ohartarazi zuen Gipuzkoan onartu zen zerga erreformak ez zuela diru-sarreren jaitsiera konpentsatzen errenta altuenei eta enpresei presio fiskala gehituz. Ondorioak ikusten ari gara orain.