AKTUALITATEA


| 2026-05-15 09:48:00

Urola Garaia eta Goierri Donostiako gune jakin batzuekin lotzen dituen GO07 autobus linea martxan jarri eta urtebetera, EH Bilduk positibotzat jo du autobus linea berri honek eskaintzen duen zerbitzua. Hala ere, ezker subiranistaren ustez lineak oraindik baditu hobetu beharreko hainbat alderdi; besteak beste, autobus guztiak Legazpin geldialdia egitea eta erabiltzaile gehien pilatzen diren egun eta ordutegietan autobus zerbitzu gehigarriak jartzea. Adibidez, Ordizian inor zerbitzurik gabe gera ez dadin.

 

Aldundiak emandako datuek agerian uzten dute GO07 linearen beharra bazegoela, Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin lotzeko. EH Bilduk gogorarazi du 2025eko ekainaren 5ean Batzar Nagusietan onartuta, Aldundiak mandatua jaso zuen Legazpin hasiera eta Donostiako Ospitaleko gunea helmuga duen bigarren autobus linea bat martxan jartzeko.

Zentzu horretan, EH Bilduk Aldundiari eskatu dio Gipuzkoako Batzar Nagusietako mandatua betetzeko. “Baina, ikusten dugu, gaur gaurkoz, EAJk eta PSEk gobernatzen duten Aldundiak ez duela borondaterik beharrezkoa den linea hori martxan jartzeko”, azaldu du EH Bilduren Gipuzkoako batzarkide Oskar Bordesek Legazpin egindako agerraldi batean.

Bigarren linea horrek Urola Garaia eta Goierri Donostiako ospitaleekin, parke teknologikoekin eta Eusko Treneko linearekin lotuko lituzke zuzenean. Horren premia badagoela gogorarazi du Bordesek. Izan ere, “bigarren linea hori ezinbestekoa da eskualdeko herritarren mugikortasuna eta eguneroko bizimodua benetan hobetzeko”, gehitu du. Ordueroko maiztasuna beharko lukete, errutina finkoengatik, hala nola, lanarengatik edo ikasketengatik egiten diren bidaiei erantzuteko. Beste garraio-zerbitzu batzuen erabilera ere erraztuko luke, hala nola, Eusko Tren, bai eta Donostiako ospitale-unibertsitate gunerako sarbidea ere.

GO07 linearen osagarria dela azaldu du Bordesek , are gehiago, “osatu egin behar direla. Helmuga desberdinak dituzten bi zerbitzuekin, ziur Urola Garaiko eta Goierriko biztanleek irabaziko dutela”, gaineratu du.

Aldundiari eskaera zehatza ere egin diote agerraldian, Legazpiko EH Bilduren bozeramaile Ibon Alzelairen ahotik: GO07 lineak eta proposatutako linea osagarriak Legazpin geralekua izan dezatela.

Gaur egun, Legazpitik bi zerbitzu abiatu eta beste bi iristen dira. Linea martxan jarri zenetik, Legazpitik abiatzen diren zerbitzuek 6.500 erabiltzaile baino gehiago izan dituzte. “Gainerako zerbitzuak, ordea, Zumarragan hasten dira, eta egunerokoak argi erakutsi du loturak ez daudela behar bezala bermatuta. DG04 lineako autobusak sarritan atzerapenarekin iristen dira, eta erabiltzaileek ez dute autobus aldaketa egiteko nahikoa denbora izaten. Itzulerako zerbitzuetan ere ez dago bermatuta loturak denbora onargarrian egin ahal izatea”, azaldu du Alzelaik.

Hori dela eta, Legazpiko EH Bildu udal taldeak mozio bat erregistratu du GO07 lineak Legazpin geralekua izan dezan eskatzeko. Mozioa 2025eko osoko bilkuran ere eztabaidatu zen, baina EAJk eta PSEk aurka bozkatu zuten. EH Bilduk espero du oraingoan proposamenak babes nahikoa jasotzea eta aurrera egitea.