AKTUALITATEA


| 2024-06-27 13:27:00

Amaitu berri dira Gipuzkoako Batzar Nagusietan fiskalitateari buruzko ponentziako agerraldiak, eta eragile zein talde politikoen proposamenak entzun ostean, zerga sistema justu, progresibo eta aurrerakoi baten bidean adostasunak lortzeko baldintzak badaudela uste du EH Bilduk.

 

Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak prentsaurrekoan adierazi duen bezala, “EH Bilduk, lurraldeko lehen indar politiko gisa, adostasun horiek identifikatzeko ahalegina egin eta, horiek aintzat hartuta, herri akordio bat proposatzen du, Gipuzkoatik abiatuta”.

 

Erronka handien garaia bizi dugula ere adierazi du Iriartek, eta horiei aurre egiteko, erantzun berriak eta berrituak ezinbestekoak direla, eta politika fiskalak horri erantzun behar diola, etengabean jendearen bizitza hobetzeko eta erronka horiei erantzun aitzindariak emateko.

 

EH Bilduren helburu behinena herritarren eskubideak hobetzea eta defendatzea da, politika publikoak ebaluatuz eta optimizatuz. “Batzar Nagusietan egiten ari garen lan horren emaitza ikusi eta nabaritu egin behar da aurrerantzean”, gehitu du.

 

EH Bilduk egiturazko neurriak proposatuko ditu, ponentzian zehar kontsentsuzko posizioak agertu baitira, sistema fiskalaren progresibitatean sakontzeko helburuarekin. Ponentzian ikusi da aipatuko ditudan gai zentral hauetan kontsentsu aurrerakoiak egon daitezkeela, adostasunerako zoru bat egon daitekeela”.

 

Honakoak dira EH Bilduk proposatzen dituen aldaketa transbertsalak:

 

- Kenkari itzulgarriak ezarri eta errenta aitorpena egiteko aukera zabaltzea, herritar guztien eskubideak bermatzeko.

- Kapital errentak lan errentak bezainbeste zergapetu eta progresibitatea handitzea.

- Etxebizitza beharrei erantzuteko, etxebizitza politika berri bat sortzeko koherentea izango den zerga politikaren alde egitea. Batez ere alokairuari bultzatzeko neurriak dira, orain arte izan dutena baino babes gehiago izan dezaten.

- Sozietate Zergan enpresek dituzten kenkarien azterketa zorrotza egin dadin, ponentzian jasotako proposamenak ere adostasunerako eremu bat sortu du.

- Generoaren ikuspuntua landu da ponentzian, EH Bildurentzat atal garrantzitsu bat da, eta zentzu honetan ikuspuntu horren zeharkakotasuna ezartzea ezinbestekoa da.

- Aipatutako guztia gardentasunean eta ebaluazio jarraitua sistematizatuko duen fiskalitate marko baten baitan egitea garrantzitsua da, politika publiko guztiak bezala politika fiskalak ebaluatua izan behar baitu, esleitu zaizkion funtzioak egoki betetzen dituela ziurtatzeko.


 

Bukatzeko, Iriartek adierazi du eztabaida honek agerian utzi duela burujabetza fiskalaren beharra, erabakien bi heren estatuek hartzen baitituzte. “Edozein kasutan aipatutako puntu horietan adostasunerako topaguneak aurkitu ditugu, eta Gipuzkoako lehen indar politikoa garen neurrian, gure arduratzat dugu horien baitan akordio baterako proposamena egitea, Gipuzkoa, fiskalitateari dagokionez, aitzindari izan dadin eta jauzi bat egin dezan. Zerga sistemak herritarren babesa izatea eta ulergarria izatea funtsezkoa da. Dirua herritarrena da, era justuan banatu behar dena. Erronka estrategikoei erantzun behar die”.