EH Bilduk GI-20 saihesbidearen Donostiako zatiaren eraldaketari buruzko ebazpen proposamena erregistratu du, otsailaren 5eko osoko bilkuran eztabaidatzeko. Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gipuzkoako Foru Aldundiari eska diezaioten, Donostiako Udalarekin batera, GI-20 saihesbidearen Donostiako zatiaren eraldaketarako urratsak definitzen has dadila, bi erakundeen arteko egitura bat sor dezala.
Donostiako Plan Orokorraren Berrikuspenaren aurrerakinean saihesbidearen eraldaketa jaso da, eta hiriburuak izango duen aldaketa nagusienetako gisa definitu da. Gaur egun, GI-20 saihesbidea hiri lurzoru finkatu moduan ulertzen du Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO), beraz, bide komunikazioen sarearen parte da. Lurzorua publikoa da eta 90 hektarea inguruko azalera du, guztira.
HAPOan jasotzen denaren arabera, GI-20ko lotura korapilo batzuek azalera handiegia hartzen dute, eta inguruan disfuntzio handiak sortzen dituzte: Añorga, Loiola eta Herrera. Eraldaketarekin GI-20an liberatutako lurzoruaren izaera berria definitu beharko da, eta orain arte auzoekiko eragiten dituen etenak gainditu beharko dira. Azken finean, GI-20ari beste izaera bat eman nahi zaio, bide konexioa galdu gabe.
Helburua da lurralde mailako errepide azpiegitura hiri etorbide bilakatzea. Bide batez, saihesbideak zeharkatzen dituen eremuen liberatutako lurzoruan ekipamendu, espazio libre, etxebizitza edota bestelako trakzio elementuei tokia bermatzeko.
EH Bilduren ustez, hiri mailako etorkizuneko erronka eta helburu izanik, GI-20 errepidea Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena dela eta, saihesbidearen eraldaketak beste foru errepide batzuetan aldaketak eskatu ditzake. Hortaz, aurrerapausoak eman nahi badira, ezinbestekoa da etorkizuneko proiekturanzko urratsak denboraz egiten hastea.