AKTUALITATEA


| 2025-10-10 11:39:00

EH Bilduk 2023an aurkeztu zuen proposamen bat Pasaiako badia bizigarria izan zedin, naturarekiko errespetuz eta hiri-ingurunearekiko harremana hobetuz


EH Bilduren ustez, Pasaiako portua modernizatzea lehen lerroko lana da, lan-baldintza duinak bermatuta, eta jarduera berritzaileak bultzatuta, betiere inguruko herrietako biztanleei etorkizun hobea eskaintzeko.

Agerikoa da Espainiako Gobernuak Pasaiako portuaren abandonuan izan duen erantzukizuna, baina, Eusko Jaurlaritzak ere izan du ardurarik. Izan ere, Jaurlaritza bera Portu Agintaritzako lehendakaria izendatzeko eskumena duen erakundea dela kontuan hartuta, azken hamarkadetan egin zezakeen inbertsiorik edota inguruko udalekin harremana normalizatzeko lanik. Baina ez dugu halakorik ikusi. EH Bilduk sinesten du Udalek izan beharko luketela gaur egun dutena baino erabakitzeko ahalmen handiagoa, eta horregatik eredu gisa hartzen ditu Europako beste portu batzuk, Rotterdamgoa adibidez.

 

Bide horretan, EH Bilduk ardura eskatzen die Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiei, Pasaiako Portuak Gipuzkoako ekonomian eta enpleguan duen pisua ez delako nolanahikoa. Mezu kontrajarri eta edukirik gabekoak zabaldu ordez, Jaurlaritza osatzen duten EAJ eta PSE-ri eskatzen diegu eskumenaren transferentziak ekarriko duen lege berria onartzeaz gainera, landu dezatela plan bat udalekin batera, portuaren modernizazioa eta hiri-ingurunearekiko elkarbizitza ardatz hartuta.