Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren eraketa batzarrean, EH Bilduk arduraz, baina duen ordezkaritzarekiko exijentzia mailarekin jokatuko duela iragarri du. Izan ere, pasa den maiatzaren 28an izandako hauteskundeetan, EH Bildu Gipuzkoako lehen indarra izanik, herritarrek egoera berri baten aurrean jarri zuten koalizioa: Gipuzkoako zortzi mankomunitateek eta aldundiak duten boto ponderatuaren arabera, EH Bilduk boto guztien %38,1 ditu; eta herrialdeko zortzi mankomunitateen gehiengo nominala (zortzi mankomunitatetatik bostetan du lehendakaritza).
2015az geroztik, lehen aldiz, EH Bilduk hiru ordezkari izango ditu GHK S.A.U.ren administrazio kontseiluan: Ion Arozena (Urola Kostako Mankomunitateko lehendakaria), Eñaut Gracia (San Marko Mankomunitateko lehendakaria) eta Alaitz Labaien (Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakaria).
Modu horretan, herrialdearentzat horren estrategikoa den hondakinen kudeaketari dagokion erantzukizuna bere gain hartu, eta fiskalizazio lanak egin zein gardentasun printzipioa gertutik jarraituko ditu EH Bilduk, gehiengoa duten EAJ eta PSEren ereduarekin ezberdintasun nabarmenak dituen neurrian.
Hortaz, eta deskribatutako egoera kontuan hartuta, ezinbestean EH Bildurekin adostu beharko da Gipuzkoako hondakinen kudeaketa integrala herrialdean.
Aste honetan, Nafarroako gobernuak parlamentuan adierazi du Artaxoan Zubietako erraustegiko behar bezala kodifikatu gabeko hondakin likidoak jasotzen ari direla. Egoera horren aurrean, EH Bilduk, urtarrileko Batzar Nagusietako osoko bilkuran eta GHKko administrazio kontseiluan, informazioa eman dezaten eskaera egingo du.