AKTUALITATEA


| 2024-12-20 10:56:00

Foru Gobernuak PPrekin lortutako adostasunarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2025eko aurrekontuak onartu dira, gaur, Batzar Nagusietan. Urriaz geroztik EH Bildu lanean aritu da, aldundiak proposatutako egitasmoa hobetzeko asmoarekin, gipuzkoarrek, behin eta berriz, talde subiranistak lidergoa hartu eta ondorioz duen erantzukizuna kontuan hartuta.


 

EAJk eta PSEk aurkeztutako aurrekontu proiektuari proposamen egingarriak egin dizkio EH Bilduk. “Politiken eraldaketa epe luzerako erronka da, eta ez dugu egun batetik bestera edo urte batetik bestera egingo, baina orain neurri batzuk hartuta, transatlantikoaren norabidea aldatzen hasteko lehen maniobrak egin daitezke, eta hori da guk mahai gaineratzen duguna. Arazo eta erronka berriei ezin zaielako erantzun politika zahar eta zaharkituekin. Baina, tamalez, Foru Gobernu honek hori da egin nahi duena: betiko politika zahar eta zaharkituak mantendu, aurrera begirako perspektiba garbirik gabe, eta iraganean gotortuz”, adierazi du EH Bilduren batzarkide Estitxu Elduaienek.

Koalizio abertzaleak 56 milioi eurotako aldaketak proposatu ditu, etxebizitza, zaintza eta trantsizio ekosozialaren inguruko ageriko erronkei aurre egiteko eta dagoeneko funtzionatzen ez duten politikei norabide berria emateko, Foru Aldundiaren aurrekontuen nahikotasuna inondik inora zalantzan jartzen ez dutenak.

Aurkeztutako neurri hauek guztiak egingarriak dira. Hain ziren egingarriak, ezen emendakinen bitartez ekarri ditugula hona. Baina ez duzue nahi izan. Hori da gertatu dena. Eta gogoratuko dizuet, gobernua osatzen duzuen EAJri eta PSEri, gobernuarena dela, edozein instituziotan dela ere, aurrekontuak aurrera ateratzearen ardura. Eta ez du balio, EAJk eta PSEk zeuek hartutako erabakiaren erantzule oposizioa egiteko pelikula bat montatzeak. Ez, ez du balio. Ez du balio bide laburrena eta errazena hartzeak, aukera merkeena delakoan, eta garesti irten dakizuekeela ohartzean, besteoi ordainarazten ahalegintzeak. Eta has zaitezte sinisten. Eta errespetuz tratatu herritarrak, haientzat ari baikara lanean eta haiei zor diegulako errespetua. Eta jendea ez da inozoa”, argi azaldu du Elduaienek.

 

Foru Gobernuak PPrekin adostu ditu aurrekontuak, Espainiako eskuinari lurralde honetako giltza eta zentralitatea emanda. “Urte eta erdian bigarrengo aldiz egin duzue, eta ez edozein kontutan gainera: aurrena, inbestiduran egin zenuten, zuen boteregunean gotortzeko zer, eta PPri berari zuzeneko botoa emanez ganbera honen mahaian ez dagokion tokia egiteko; eta bigarrena orain, Gipuzkoako politika norabidetzeko ezinbesteko erreminta diren aurrekontu hauetan egin duzue, 3,4 milioi euroren truke, migrazio politikak adostuz, eta zeinekin, eta Espainiako eskuinarekin”. EH Bilduk ez du Gipuzkoaren norabide politikoaren giltza PPren esku utziko duen inolako akordiotan parte hartuko; ez hemen, ez Nafarroan, ez Araban, ez EAEn, ez inon.

EH Bilduren ustez, gero eta nabarmenago gelditzen ari da gobernu honen noraeza eta ahultasuna: “Gobernu hau ahula da eta lurraldeko lehen indarra nola tratatu duzuen ahultasun horren seinale da. Eta etorri zarete berandu, eta gaizki, iaz bezala, Gipuzkoako lehenengo indarra erabili nahian, PPrekin bakarrik ez agertzeko”.

Bukatzeko, Elduaienek adierazi du EH Bildu bidea egiteko prest dagoela, beti ere, herritarrak erdigunean jarrita: “Norabide horretan egongo dira akordioak, beti ere, herritarren mandatuari egoki erantzuteko badira. Izan ere, akordioak bitartekoak dira politika publikoak hobetzeko. Akordioak ez dira helburuak”.