Ezker subiranistak Bizkaiko Aldundiak Madrilen eginiko “zerga iraultzaren” aurkezpena kritikatu du, gainerako euskal lurraldeekiko lehia sustatzen duelako. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko koordinazio falta salatu du.
Ekainean Bizkaiko ahaldun nagusiak eta abuztuan Gipuzkoako Foru Aldundiak zerga neurriekin aurkeztutako testuak ez datozela bat, eta EAJ-PSE akordioaren edukia ezezaguna dela oraindik salatu du EH Bilduk. Batzarkide taldeek proposamenak egiteko astebete soilik izatea “segurtasun juridikoaren eta gobernantza kolaboratiboaren aurkako erasotzat” jo du EH Bilduk.
Gipuzkoako Foru Aldundia bultzatzen ari den zerga-erreformaren kudeaketa salatu du EH Gipuzkoako Bilduk Batzar Nagusietako ogasun batzordean. Talde subiranistaren iritziz, prozesua “kaosa eta ezegonkortasuna” eragiten ari da, eta herrialdeen arteko harmonizazio ezari zein gardentasun faltari buruzko azalpen osoak eskatu dizkio Itziar Agirre Berriotxoa foru-diputatuari.
EH Bilduko batzarkide Haritz Perezek ezinbestekotzat jo du argitzea zergatik aurkeztu zuen Bizkaiko Aldundiak bere proposamena Madrilen, Vocento taldeak antolatutako ekitaldi batean, Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoa bildu zen egun berean. “Abertzale gisa, ezin dut ulertu euskal lurralde batek nola egin dezakeen horrelako ekitaldi bat bere kabuz, eta gainera gainontzeko euskal lurraldeekin lehiatzeko”, adierazi du alderdiko Haritz Perezek, eta gogorarazi du Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak badituztela horrelako egoerak ekiditeko legeak eta organoak.
Talde subiranistak zalantzan jarri du hiru foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren artean gutxieneko bilera eta adostasunik egon denik neurri hauek proposatu aurretik. Izan ere, Bizkaiko Aldundiak ekainean jendaurrean jarritako foru-arauak eta Gipuzkoak abuztuan aurkeztutakoak ez dute zerikusirik. EH Bilduren arabera, horrek agerian uzten du edo ez dela behar beste hitz egin, edo Aldundiek aldebakarrez jokatu dutela, gizartean eta enpresetan ziurgabetasun gehiago sortuz.
Horrez gain, irailaren 1ean iragarritako EAJ eta PSEren arteko akordioak, ustez zuzenketa gisa txertatu nahi denak, bost aste igaro ostean zehaztasunik gabe jarraitzen duela salatu dute: “Inork ez daki hori zertan ezaugarrituko den, ezta proposamen horiek zein ondorio ekonomiko izango dituzten ere” adierazi du Perezek.
Kezka handiena eragiten duen puntuetako bat izapidetze-modua da. Aldundia prozesua presazko bidetik egitea eskatzen ari da, eta horrek batzarkide taldeei zazpi eguneko epe laburra baino ez die uzten proposamenak egiteko. Edukiak ezezagunak direnez, EH Bilduk prozesuaren seriotasun eza salatu du
Amaitzeko, EH Bilduk berretsi du zerga-sistemaren injustiziak konpontzeko konpromisoa duela, irabazi gehien dituzten enpresek eta norbanakoek ekarpen handiagoa egin dezaten. Ildo horretan, Nafarroako eredura begiratzeko gonbita luzatu die Aldundiei, han lortu baitira politika progresiboagoak eta adostasun zabalak indarrean jartzea.