AKTUALITATEA


| 2023-12-14 12:31:00

Gipuzkoako politikak markatzeko agindua eman diote herritarrek EH Bilduri. Haiekiko arduraz eta dugun borontate politikoaren erakusle, ez diogu osoko zuzenketarik aurkeztu 2024ko aurrekontu proiektuari. Kanpainan herritarrekin hartutako konpromisoekin koherentea da EH Bildu, eta betikoa eskaintzen duen aurrekontua zuzentzeko egiturazko aldaketak planteatu ditugu.

 

Adostasunetara iritsi ahal izateko, eta Gipuzkoak egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egingo badie, bi norabidetan behar da borondate politikoa. Foru gobernuaren ardura da 2024ko aurrekontua aurrera ateratzea, eta elkar ulertzea ez da oposizioko alderdiak gobernuak egindako proposamenera atxiki daitezen bilatzea.

 

Gobernuak errektifikatu behar du, ezin gaitu eranskin gisa hartu. Errektifikatzeaz ari garenean, guk markatu ditugun egiturazko neurriak bideragarri egiteaz ari gara. EH Bilduren ikuspegitik, aurrekontuak etorkizun ertain luzerako markatzen dugun helmugara transitatzeko tresna direlako, ez kudeaketara mugatutako herraminta soila.

 

Etorkizuneko Gipuzkoan, zaintzaren kudeaketa irabazi asmorik gabe egin behar da, zaintza eskubide bat delako. Horregatik planteatu diogu aldundiari, 2030erako zaintza zerbitzuak integralki irabazi asmorik gabe eskaintzea berma dezala dagokien erakundeekin elkarlanean. Zaintza eskubidea dela ados bagaude, zaintzaileen duintasuna bermatu behar da, eta horrek gaurdanik neurriak hartzen hastea eskatzen du. Aldundiak sektoreko sindikatuekin, zainduen senideekin zein mugimendu feministarekin interlokuzioa bermatu behar du. Egungo eredua eraldatu nahi bada, egoera aldatu den neurrian, beharrak ere aldatu direlako, aldi baterako zaintza beharrek ere arreta behar dute.

 

Herrialde honen ongizatea markatu duena izaera industriala izan da, eta etorkizunera begira ere arreta eskaini behar zaio sektore horri. Horrek ezinbestean eskatzen du herrialdeko ehun sozioekonomikoaren ardatza diren enpresa txiki, ertain eta autonomoei zuzeneko akonpainamendu publikoa egitea.

 

Gaur arratsaldean bilduko gara berriz ere aldundiko ordezkariekin, eta hauxe bera adieraziko diegu: 2024ko aurrekontuak balio behar du Gipuzkoa etorkizuneko erronketarako prestatzeko, eta horrek, ezinbestean, EH Bilduk planteatutako eraldaketei bide ematea eskatzen du. Aldundiaren ardura da aurrekontua aurrea ateratzea, eta borondate politikoa erakutsi beharko du EH Bildu bidelagun izatea nahi badu.