AKTUALITATEA


| 2025-01-30 13:18:00

Eusko Jaurlaritzak buletinean argitaratu du, gaur, Errenteria/Orereta eremu tentsionatu izendatu duela. Hala ere, oraindik, alokairuak mugatzeko beharko litzatekeen indizerik gabe jarraitzen du udalerriak, oraindik ez baitaude argitaratuak. Egoera horren aurrean, EH Bilduk Itziar Agirre Berriotxoa Ogasun eta Finantzetako foru diputatuari zuzendutako ondorengo ahozko galdera erregistratu du: etxebizitza Eskubidearen aldeko legea 2023an onartu zenetik, zergatik atzeratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako herrietarako alokairu-merkaturako erreferentziazko prezioen indizearen kalkulua?

Duela ia bi urte, 2023ko maiatzean, 12/2023 legea onartu zen Espainiako Estatuan, Etxebizitza Eskubidearen aldekoa, zeinak alokairuaren merkaturako erreferentziazko prezioen indize bat aurreikusten zuen zonalde tentsionatuetarako, legea onartu eta 6 hilabeteetara martxan jarri behar zena. Indize horren bidez, etxebizitzen alokairu prezioari muga ezartzen zaio, eta indize horren osaerarako beharrezkoak dira ogasunen datuak.

2024ko otsailean, indizearen kalkuluaren metodologia publiko egin bazen ere, eta maiatzaren 8an Gipuzkoako Batzar Nagusiek Aldundiari espresuki indizeak kalkulatzeko beharrezko datuak ematea eskatu bazioten ere, uztailaren 24ean Foru aldundiak oraindik ez zituen indize hori kalkulatzeko beharrezko datuak prest. Eta Eider Mendoza ahaldun nagusiak berak aitortu du 2024ko azaroan Espainiako Gobernua Gipuzkoako Ogasunarekin harremanetan jarri zenetik aurrera helarazi dituztela “lehen datuak”.

Udalak euren aldetik egin dezaketen guztia egiten ari dira udalerriak gune tentsionatu izenda ditzaten, baina gainerako erakundeek dagokien erantzukizuna urgentziaz beren gain hartzen ez duten bitartean, izendapen horren eragina mugatua egongo da