AKTUALITATEA


| 2021-11-04 13:39:00

Jaizkibel inguruan Espainiako militarren presentzia aspaldikoa da, eta duela gutxi beste onartezina den gertaera baten berri izan dugu. Bat gehiago esan daiteke, horrelako asko gertatu baitira bai eremu honetan eta baita ere Hego Euskal Herriko hainbat parajetan. Orain bertan, egun hauetan, ikusi izan dira hainbat militar maniobrak egiten beste herrietan, armak eskuan.

Gipuzkoan askotan onartu dira Espainiako militarren presentziaren aurkako adierazpenak, baita ere Batzar Nagusietan; eta ugariak izan dira egindako mobilizazioak eta ekitaldiak. Gipuzkoarrok ez dugulako onartzen Espainiako Armada gurean. Ez behintzat gehiengo zabal batek.

Jaizkibel mendia 1985etik Herri Onurarako Mendi gisa katalogatuta dago eta 2004az geroztik, gainera, Natura 200 Sarearen barruan dago Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) gisa.

Hori horrela bada ere, Espainiar militarrek tiro eta maniobra eremu bat dute bertan, mendiaren 371 hektarea hartzen dituena. Bertan tiroak, detonazioak eta bestelako gerra-ariketak egiten dira.

Ezin da ukatu Jaizkibel mendia egun aisialdirako, kirola egiteko edota mendi-proba ezberdinak egiteko gune dela eta bertatik (baita tiro eremu barrutik ere) gure herrientzat, baina oro har lurraldearentzat garrantzitsuak diren Santiago Bidea eta Talaia bidea igarotzen direla (azken hau Donostia-Pasaia-Hondarribia lotzen dituen kostako bidea).

Gainera, tiro eremuak okupatzen duen zonaldean bertan hamarkadak (batzuk 35 bat urte) dituzten arrantzaleen txabolak eta borda txikiak daude. Horietako batzuk, erabilera librea eta komunitarioa dutena (Azabaratzakoa kasu).

Hain zuzen horietariko batzuk dagoeneko eraitsi dituzte edo eraitsi nahi dituzte Espainiar militarrek, duela bi urte tiro eremurako pista zabaldu zuten modu berdinean: inolako udal edota ingurumen baimenik eta txostenik gabe. Hau da KBE izendapenak behartzen duen ingurumen-inpaktu txostenik gabe.

Prepotentzia eta harrokeriaz aritzen dira bai hemen, bai beste lekuetan. Udaletako eta bestelako araudiei eta legeei muzin eginez. Gure ingurumenak eta herritarrak errespetatu gabe. Paraje babestuetan ere aritzen dira.

Horregatik egokia iruditzen zaigu Gipuzkoako Batzar Nagusiek garbi azaltzea bere posizioa beste behin ere, gipuzkoarron nahi eztabaidaezina agerian uzteko.

EBAZPEN-PROPOSAMENA:

Gipuzkoako Batzar Nagusiek:

  1. Jaizkibel mendia herritarren ondare natural gisa aldarrikatzen dute, bateraezina maniobra militarrak eta antzekoekin.

  2. Espainiar militarrek inolako arau-babesik gabe herri erabilerarako borda bat eraitsi izana salatzen dute eta eragindako herritarrei bere atsekabea helarazten die.

  3. Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote Ulia-Jaizkibel medietako Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) itsas eremura zabaltzea eta itsas babesgune izendatzea, dagoeneko Gipuzkoako Biologoen Elkargo ofizialak eta beste hainbat eragilek eskatu duten bezala.

  4. Espainiar Gobernuari eskatzen diote Jaizkibelgo tiro eremua berehala desegitea.

  5. Espainiar Gobernuari eskatzen diote plan eta kronograma bat Armada Gipuzkoatik eta Euskal Herritik ateratzeko.