Gipuzkoako Batzar Nagusietan atzo egin zen politika orokorreko plenoaren ondoren, taldeek 24 ordu dituzte datorren asteazkenean, irailaren 25ean, eztabaidatuko diren mozioak erregistratzeko, eta EH Bilduk 40 mozio egin ditu gure lurraldeak eta gure herriak aurrean dituen erronka handien benetan aurre egiteko.
EH Bilduk aurkeztu dituen mozio horiek gai ugari lantzen dituzte. Erreforma fiskalaren foru arau berriak garrantzia izango du talde subiranoaren mozioetan. Atzo, Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramaileak adierazi bezala, aurrean ditugun erronken artean dago zerga erreformarena. Iazko ikasturtean egindako akordioa abiapuntu egokia da, baina orain premiazkoa da foru arau bihurtzea, herritarren bizi baldintzak hobetzeko.
Ekonomia sustapenaren eta proiektu estrategikoen alde lan egitea ere oinarri oinarrizkoa da. Euskal gizarteak politika industrial berritua behar du, garai eta desafio berrietara egokituko dena, egun enpresa ertain, txiki eta mikroenpresek dituzten erronka digital eta energetikoei aurrera egiten lagunduko diena.
Zaintzaren inguruko mozioak ere hainbat izango dira, zaintza erdigunean jarri behar den gaia delako eta ezberdintasunak sortzen dituelako. Askotan aipatu izan du EH Bilduk herritar orok duela zaindua izateko eskubidea, eta horregatik, ezinbestekoa izango da sistema publiko eta doakoa izatearen alde lan egitea.
Atzo, beste behin ere, ahotan izan ziren erabakitzeko eskubidearen aldeko hitzak. Iriartek esandakoari jarraituz, hitzetatik ekintzetara pasatzea ezinbestekoa izango da, burujabetzaren eta erabakitzeko eskubidearen bidean. Ekintzetan zehaztu behar da hitzen bidez aldarrikatzen dena.