AKTUALITATEA


| 2024-05-10 07:11:00

Jasangarritasun diputatu Jose Ignacio Asensiok eta BioDonostiako Ingurumen Epidemiologiari eta Haurren Garapenari buruzko Ikerketa taldeko zuzendari Jesus Ibarluzeak agerraldia egin dute, Batzar Nagusietako Jasangarritasun batzordean. Eta bertan, azken horrek egindako azterlanaren emaitza nagusiak aurkeztu dituzte.

 

Batzordean ikerketaren emaitzak jaso ostean, EH Bilduk balioa aitortu dio BioGipuzkoak Zubietako errauste plantaren inguruan egindako azterketa epidemiologikoari. Bertan jasotzen diren datu eta aldagaiak oso azpimarragarriak dira errauskailua orain ia lau urte zabaldu zenetik egin duen ibilbidea ezagututa. Izan ere, gipuzkoarrek ondo ezagutzen dituzte azken urteetan plantak izan dituen arazoak, hala nola, gelditzeko automatismoarekin izandakoak, lixibiatuen filtrazioak edota amoniakoaren isuriak.


Esan bezala, BioGipuzkoak eginiko ikerketan datu positiboak aurkeztu dira, baina oraindik ere, eta zuzendariak hala aitortuta, jarraipena egin beharko zaie bertatik ateratzen diren datu eta ondorio berriei, horiek zein garapen duten aztertzeko. Hala ere, Jesus Ibarluzeak batzordean aipatu duenez, “legea betetzeak ez du esan nahi osasunerako egokia denik”, eta azken puntu hori bermatzea da herri ordezkarien eginbeharra.

 

EH Bilduk, herrialdeko lehen indar politikoa den heinean, arduraz jokatuko du, datuak sakon aztertuz eta bilakaerei tentuz erreparatuz, bestelako ikerketa eta adituen ahotsa ere kontuan izanik.