AKTUALITATEA


| 2024-09-19 07:14:00

· Burujabetzaren gaian hitzekin adierazten dena ekintzetan gauzatu behar dela esan du EH Bilduko eledunak.

 

Gipuzkoako Batzar Nagusietan egin den politika orokorreko plenoan, EH Bilduko bozeramale Maddalen Iriartek Gipuzkoak dituen erronka estrategikoei erantzun behar zaiela gogorarazi dio Ahaldun Nagusiari. Etorkizuna gobernatzeko ezinbestekoa dela burujabetza aldarrikatu du. Halaber, epe laburrean zerga erreformaren gaiari heldu beharra jarri du mahai gainean.

 

Politika orokorreko saioa gipuzkoarrei urte honetan egindako lanaren itzulketa egiteko da, baina horrez gain, datozen urteei begira jartzeko ariketa egitea ezinbestekoa iruditzen zaio Euskal Herria Bilduri, gure lurraldeak eta gure herriak aurrean dituen erronka handiei benetan aurre egin nahi badiegu, behintzat. EH Bilduk urte honetan, hauteskunde prozesuetan herritarrek eman dioten lekutik erantzun dio gizarteari.

 

Europak bezala Gipuzkoak une erabakigarriak bizi dituela ekarri du gogora EH Bilduren bozeramale Maddalen Iriartek. Hala, herri honek herri gisa iraun dezan burujabetza behar duela azpimarratu du. “Askotan esan dugun bezala txanpon baten bi aldeak, jendartearen bizitza hobetzeko eta bermatzeko behar ditugun politika publikoak egiteko gure etorkizuna gobernatzeko,  erabakitzeko gaitasuna.  Hau ukatzen dutenek gure herriari subjektu politiko izaera ukatzen diotenek gure herriari uko egiten diote”, azaldu du.

 

Ahaldun Nagusi Eider Mendozari zuzendu zaio “hitzen eta ekintzen artean alde handia” dagoela gogoraraziz, burujabetza eta erabakitzeko eskubidearen inguruan azken egunetan bere alderditik egiten ari diren adierazpenak gogoan hartuz. “Eta politikan, hitzak horretan geratzen dira, diskurtsoan, jarrera mediatiko hutsean. Gipuzkoako hauteskundeetako emaitzek behin eta berriz esan dute esateko beharra baino gehiago, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea baino gehiago, eskubide hori gauzatzeko bidea ezartzea beharrezkoa dela”.

 

Gehiengoak badaude. Herritarren agindua dugu horretarako, eta lider izateko erantzukizuna dugu. “Ekintzetan zehaztu behar da hitzen bidez aldarrikatzen duguna. Aprobetxa dezagun aukera historikoa eta egin dezagun urrats bat aurrera, izan gaitezen ausartak eta egin dezagun dagoen eta gero eta handiagoa den gehiengo hau errealitate politiko eta instituzional  bat”, luzatu dio eskua Iriartek Mendozari.

 

Ildo horretan, Iriartek oroitarazi du baita ere, une honetan egiten diren eta egiten ez diren politikek baldintzatuko dutela gure etorkizuneko ongizatea. “Herritarren bizi baldintza duinak bermatzea da gure helburu nagusia, eta horretarako, ezinbestean jarri behar ditugu erdigunean emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta zaintza. Horrez gain, ehun industriala sendotu eta trantsizio digital eta ekologikora egokitzea beharrezkoa da, eta horretarako sektore publikoak lidergoa hartu behar du”. Horiek dira, besteak beste, Gipuzkoak eta Euskal Herriak, oro har, dituzten erronkak, EH Bilduren irudiz.

 

Hala eskatzen digute herritarrek eta mandatu horri erantzun egin behar diogu, serio, zorrotz, eta bakoitzak dagokigun erantzukizunetik”, gehitu du eledunak.

 

Eta hori egiteko, une honetan, badugu esku artean gai estrategiko eta urgentziazko bat: zerga erreforma. EH Bilduk sustatuta ponentzia egin ondotik, akordio bat erdietsi zuten hiru alderdi nagusiek eta orain, “berandu baino lehen, foru arau bihurtu behar du hori Eider Mendozaren foru gobernuak, lortutako akordioaren izpiritua eta letra bera errespetatuko duen foru arau proposamena hain justu. Epe estuak ditugu, eta erantzukizunez jokatzeko dugun ardura horretatik, foru aldundiak ez luke onartu behar atzerapenik, foru arau berri hori benetan erreminta eraginkorra izan behar baita gipuzkoarren ongizatea hobetzeko eta euren bizi baldintza duinak bermatzeko”, gehitu du Iriartek.

 

Ez da autokonplazentziarako momentua. Legealdiko lehen urtearen balorazioa egin eta atzera begira egoteko baino, Gipuzkoak eta herri honek dituen erronka kolosalei aurre egiteko politikak martxan jartzeko unea da, horretan jauzi bat emateko unea. EH Bildutik proposatzen duguna hori da. Herritarren ongizatea hobetzea helburu duten proiektuetan parte hartzeko prest dago EH Bildu, “gure eskua luzatuta dago, baina ez gara izango kozinatutako plater bati botatzen zaion azken gatz ukitua”, borobildu du Iriartek.