Ganbera honetan adostu diren akordioen bi heren EH Bilduk egin ditu
Joan den astean politika orokorreko osoko bilkuran Batzar Nagusietako talde politiko guztiek euren hitzartzeak egin ostean, gaurkoan, bakoitzak bere ebazpenak aurkeztu eta bozkatu dituzte. EH Bilduren taldea herri honek politiketan jauzi kualitatiboa egiteko beharraz aritu zen, eta hori lortzeko, neurri zehatzak eta egingarriak aurkeztu ditu gaurko bilkuran Estitxu Elduaien batzarkideak.
Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz hasi du hitzartzea Elduaienek; izan ere, EH Bilduk eta EAJk gaiaren inguruko erdibidekoa aurkeztu baitute. Lau gipuzkoarretik hiru ordezkatzen dituzte EH Bilduk eta EAJk, eta hala adostuta, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eskatu dute euskal autogobernua eguneratzea eta espainiar estatuarekiko harreman politikoa berritzea. “Ezinbestekoa da ganbera honek Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen inguruan mezu garbia ematea, gipuzkoarren gehiengo luze eta zabalak bat egiten duenari erantzuten diona, eta proposamen hori mahai gainean jartzen du EH Bilduren batzarkide taldeak politika orokorrari buruzko eztabaida honetan”, zehaztu du Elduaienek.
Beharrezkoa da Euskal Herriaren eta espainiar estatuaren arteko harremanen aldebikotasun erreala errespetatua izan dadin bermatzea ere, horretarako elkar aitortza, berezko gaien berezitasunak aitortu eta berme sistema bat martxan jartzearen beharra azpimarratu du EH Bilduren batzarkideak, espainiar estatuak beto eskubiderik izan ez dezan.
Ezinbestekoa da, zentzu honetan, Gipuzkoako Aldundiak, Batzar Nagusien mandatu irmo hau jaso eta bere gain hartzea, irekiko den estatus berriaren eztabaidan erabakitze eskubidean zentralitatea aitortzea, eta mandatu honen defentsa Aldundiak berak bere gain hartu dezala.
Zerga Erreformarako ponentziako ondorioetako adostasuna ere nabarmendu du Elduaienek: “11 erronka eta 28 neurri zehatz adostu genituen, ia 70 eragile entzun ondoren. Zerga sistema gaur egungoa baino progresiboagoa egitea, errenta baxuenek laguntza fiskalez baliatzeko mekanismoak ezartzea, edota etxebizitzako laguntzak eskuragarritasunari lotzea eta enpresa guztiek dagokien zerga tipo minimoa ordaintzea”. Gaur adostutako mozioan, akordio haren letra eta izpiritua errespetatzea eskatu da. Elduaienen esanetan, aldundiak lehenbailehen aurkeztu beharko du zerga erreformaren foru araua: “Premiazko arazoei premiaz erantzun diezaiegun. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia baita”.
Fiskalitatea eta burujabetzaren gaietan ikusi den bezala, EH Bilduk erakutsi du, politika orokorreko eztabaida honetan ere, baduela akordioetarako gaitasuna. Izan ere, ganbera honetan adostu diren akordioen bi heren talde soberanoak egin ditu.
Bukatzeko, Estitxu Elduaienek adierazi du herri honek dituen erronka kolosal horiek eskatzen duten neurriko erantzuna eman ahal izateko, politika publiko integral eta koordinatuak behar ditugula, euskal erakunde guztiek, norbera bere eskuduntzearekin abiatuta, horiei guztiei erantzun eta baliabideak zentzu lerrokatu batean emateko moduan egon gaitezen. “Herri eta nazio gisa, adostasun esanguratsuak lortu ditugu gaur Gipuzkoako Batzar Nagusitan: aurrerantzean ere jauzi handiagoak emateko gai izatea espero dugu”.