AKTUALITATEA


| 2024-10-30 12:09:00

Aurrekontuak ondu behar diren garai honetan, egoerak zuhurtziaz eta seriotasunez aritzea eskatzen duela aldarrikatu du EH Bilduko Gipuzkoako bozeramale Maddalen iriartek Donostian egin duen agerraldian. Aurrez proposatu duen akordio globalean jaso bezala, Euskal Herria Bilduren ustez herri bezala jokatzea eskatzen du egoerak, “arduradun politiko eta instituzional gisa dagokigun moduan, mugatuak diren baliabideak herritarren beharrei ahalik eta modu egokienean erantzun nahi badiegu bederen”, zehaztu du Iriartek.

 

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzio nagusiek abiatu dituzte edo abiatzear dituzte 2025eko aurrekontuak ontzeko ohiko prozedurak. Maddalen Iriartek zehaztu duenez, Gipuzkoako ahaldun nagusiari helarazi dio aurrekontuetarako edukizko proposamena. Gogora ekarri du prozesu horretan EH Bilduk aurretik, akordio globalerako proposamenaren testuinguruan, izan duen filosofia eta metodologia berbera izango duela eta “akordio global horretan jasotzen diren agenda eta lehentasun batzuk islatuko dira aurrekontuetarako elkarrizketa  horietan. Uste dugulako politika publiko eraginkorrak egitea zor diegula herritarrei, eman diguten mandatuari erantzungo badiogu. Eta hori herri ikuspegiz egingo dugu. Zorroztasunez eta arduraz”, gehitu du.

 

Ditugun baliabideak direnak direla ere, herritarren bizi baldintzak hobetzea ahalbidetuko dituzten politikak egitera eta bitartekoak jartzera bideratu behar dira, estrategikoak diren eta lehentasuna duten gaietara zuzenduz”, ere zehaztu du Iriartek.

 

EH Bilduk aurrekontuen inguruko elkarrizketa eta negoziazioetan izango duen jarreraren inguruan eledunak argitu du “eraikitzailea” izango dela. “Gipuzkoan duen ordezkaritza eta ardurarekiko koherentziaz, egonean egoteko arriskuaren aurrean, aurrekontuen norabidean eragitea izango da gure borondatea”.


 

Hainbat gairen inguruko proposamenak egin ditu EH Bilduk Gipuzkoako Aldundiaren aurrekontuei begira. Lehentasunezkotzat jo ditu etxebizitzaren, zaintzaren eta trantsizio ekosozialaren gaiak, akordio global horretan jasotzen den ildo beretik.

 

Datu batzuk ere ekarri ditu mahai gainera Iriartek, gogoratuz, gazteen emantzipaziorako neurriak urgentziazkoak direla gurean. Gaur egun 34 urtez azpiko gazteek, batez beste, soldataren % 52 bideratu behar dute etxebizitza bat alokatzera, eta soldataren % 57 etxebizitza bat erostera. Gipuzkoan 18 eta 34 urte tarteko gazteen emantzipazio-tasa %14,8koa da, oso urrun Europako Batasuneko batez bestekotik, %31,5ekoa.

 

Koalizio subiranistaren ustez, Aldundiak bere eskumeneko neurriak eta bitartekoak jartzea ezinbestekoa da, Jaurlaritzarekin elkarlanean, alokairuen prezioak erregulatzeko helburuarekin.

 

Zaintza Sistema Publiko Komunitario bat eraikitzeko bidea egiten hastea da herri bezala dugun premia handienetakoa. Bide horretan, zaintzen sistemara sarbidea erraztea funtsezkoa da.

 

Esaterako, gaur egun Gipuzkoan mendekotasun-balorazioa eskatzen duten pertsonek 64 egun itxaron behar izaten dute prozesua amaitzeko. Epe hori, hilabetera jaitsi nahi du EH Bilduk, eta hori horrela izan dadin bitarteko ekonomiko gehiago behar dira. Halaber, “ezinbestekoa zaigu herritarrek zaintza zerbitzuengatik ordaintzen duten kopurua murriztea, zaintza delako gaur egun ko-ordaintzen den oinarrizko zerbitzu publiko bakarra, eta horrek diskriminazioa eragiten du herritarrengan”, azaldu du Iriartek.

 

Horrela, lehen pauso gisa proposatzen dugu ordaindu beharrik ez izateko gaur egun dagoen diru sarrera muga zabaltzea, horretarako erabiltzen diren erreferentzia indizeak berrikusita”, gehitu du. Halaber, ezinezkoa da zaintza duintzea, zaintzaileen lan baldintzak duindu gabe. Eta zaintzaren eremutik irabazi asmoa desagerraraztea ezinbestekoa da.

 

Trantsizio ekosozialari jauzi kualitatiboa emateko unea da eta bide horretan, bultzada publikoa eman behar diogu trantsizio energetiko demokratiko eta ordenatuari. Ildo horretan, Batzar Nagusiek politika orokorreko osoko bilkuran onartutako ebazpena oinarri, eskualdez eskualdeko garapen agentzien bidez, deliberazio prozesuak sustatzea premiazkoa dela uste du EH Bilduk.

 

Elikadura sistemaz, industriaren birmoldaketaz, mugikortasun ereduaz eta estrategikoak diren gainerako arloez hausnartu eta erabakiak har daitezen, gobernantza kooperatiboaren bidez eskatu dugu.


 

Bestetik, Batzar Nagusiek hartutako erabakiaren bidetik, garraio publikoan egun indarrean dauden deskontuei eusteko konpromisoa hartzea ezinbestekoa da. Halaber, garraio publikoa herritar guztien eskura jartzeko maiztasunak areagotu, autobus kopurua igo eta elektrifikatzea izango da helburua.

 

Euskararen alorrean azken urteotako datu soziolinguistikoek erakusten duten errealitatearen aurrean, euskararen normalizazioan jauzi berri bat egitea eskatzen dute. Uste dugu Euskal Herrian Gipuzkoak abangoardiako hizkuntza-politikak egiteko baldintza egokiak dituela. Hala nola, haur eta nerabeen euskarazko aisialdia bermatzea edota arnasguneak indartzea.