Abenduaren 13an Gipuzkoako Batzar Nagusietan egin den osoko bilkuran aurkeztu du EH Bilduk foru gobernuaren aurrekontuari egindako osoko zuzenketa. Norabide argi bat hartu du gobernuak, antagonikoa dena EH Bilduren proiektu politikoarekin. Anomalia horretan ez dela parte izango azaldu du koalizio subiranistaren bozeramaile Maddalen Iriartek, gipuzkoarren nahi eta beharrei erantzuten ez dielako.
Gipuzkoako foru gobernuak “arazo politiko larria” duela esan du EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriartek, “berdin baitzaio alde batera edo bestera egin. Arazo larri bat da batera edo bestera egin ezberdina izango delako lurralde honen norabidea”.
Bizi dugun garaiak eskatzen du politika publiko ausartak planteatzea, hau da, “ezegonkortasun orokorra bizi dugun honetan jendea hobeto eta gehiago babesteko politika publikoak. Eta aurrekontua honek ez dio horri erantzuten”, azaldu du Iriartek. Horregatik aurkeztu dio osoko zuzenketa koalizio subiranistak Gipuzkoako foru gobernuak aurkeztutako aurrekontuari.
Erronka handi horiei erantzuteko norabide aldaketa ezinbestekoa da. Eta baita herri ikuspegia ere. Horregatik EH Bilduk proposamen global bat egin zien herri honetako zati honetako lau erakunde nagusietarako EAJri eta PSEri. “Eraginkorrago, azkarrago, garai berriei egokituta aritzeko”, Iriartek adierazi duenez. “Horrek mezu argi bat erakusten zuelako, herri bezala ari garela eta herri honen erronkak direla gure ardura. Uko egin zenioten benetan anbizioz aritzeari eta gestore lanak nola bermatuko jarraitu duzue”, esan die foru gobernuko ordezkariei.
EH Bildurentzat ezinbestekoa da politika publikoak eraldaketarako norabidean kokatzea, herritarrek emandako mandatuari erantzun nahi bazaie. Eta beraz, aurrekontu hauen negoziazioan oinarrizkoa izan da hori. Foru gobernuak, negoziazioak hasterako erabaki zuen, PPk egindako immigrazioaren inguruko proposamenak bere eginez, zein norabide hartu. EH Bilduren politiken antagonikoa dena.
Iriartek esan duenez, “ez da hutsala. Immigrazioari buruzko akordioa norekin eta PPrekin. VOX-ekin gobernatzen duen PPrekin”. Ez hori bakarrik, Donostian bertan egon dira PPko eledunak afari solidarioak banatzen dituztenen kontrako elkarretaratzeetan.
Gobernuari zuzendu zaio ildo horretan Iriarte: PPk ezarritako markoa erosi duzue. Eta bere jarduna zuritu. Eta marko hori kaltegarria eta lotsagarria da”. Alderdi popularrari zentralitatea ematea ere egotzi dio Iriartek Gipuzkoako foru gobernuari. Eta gehitu du “urte eta erdiz estali nahi izan den errealitate bat ari da argitzen”. Anomalia gobernuak erdietsi duela ere azaldu du. “Anomalia zuentzako, baina batez ere anomalia honelakorik nahi ez duen eta eta behin eta berriro, azkeneko hauteskunde zita guztietan hitz egin duten gipuzkoar gehienentzako”, borobildu du.
“Gu ez gaude herritarrak nahasteko eta guk jarraituko dugu lanean herritarrek eman ziguten konfiantza egikaritzen, konfiantza hori jasotzeko herritarrei esan geniena gauzatzen ahalegintzen. Gu ez gara marko horretan egongo, antagonikoa delako herritarrei emandako hitzarekin”, bukatu du.