AKTUALITATEA


| 2022-09-21 18:17:00

Gaur arratsaldeko Batzar Nagusietako osoko bilkuran, EH Bilduk interpelatu dio Foru Gobernuari, ekainean aurkeztu zuen proiektuak Andoaindarren artean sortu duen kalapita eta ezinegona dela-eta. Egindakoa zuzentzeko inolako asmorik ez dutela azaldu dutenez, EH Bilduk Foru Aldundiari eskatu dio aldebakartasuna baztertzeko, eta herritarrekin batera bilatzeko arazoa konpontzeko alternatibak.

N1 eta A15aren arteko Andoaingo lotunearen proiektua, konponbiderik eman ez zaion Gipuzkoako bide azpiegitura proiektu nagusienetakoa da. Orain arte landutako alternatiba nagusia Bazkardotik Sorabillaraino zihoan saihesbide baten eraikuntza izan da, eta horren baitan landu dira Andoain Plan Orokorra bezalako antolamendu proiektu garrantzitsuak.

2022ko ekainaren 29ko 248-C/2022 Foru Aginduaz Bazkardon (Andoain), Tolosako noranzkoan, A-15 eta N-I errepideen arteko lotura hobetzeko proiektua jendaurrean jartzea ebatzi zen. Proiektu honek aurreko alternatibak alboratu, eta egungo trazaduraren betikotzea dakar, eta agerikoa da ez duela asetzen Andoaingo herriaren eskaera historikoa.

Azken egunetan, proiektu honek Andoainen sortu duen ezinegona eta kexak gero eta handiagoak izaten ari dira. Ezinegon honen adibide dira «C2» bezala ezagutzen den egitasmo berriaren aurka sortutako herri plataforma eta honek sustatutako hitzaldi, kontzentrazio eta ekimenak. Gainera, irailaren 12an, hirigintza batzordea eta ezohiko Plenoa egin ziren Andoaingo Udalean eta bertan herri plataformak aurkeztutako mozioa onartu zen gehiengo osoz eta aurkako bozkarik gabe.

Proiektuak izan dituen alegazioak, Andoaingo Udaleko teknikarien txostenak, indarrean dagoen Hirigintza Plan Orokorra, guztiak «C2» alternatibaren aurkakoak dira.

EH Bilduk bere garaian egin zen saihesbidearen proiektua eguneratzearen aldeko apustua egiten du. Eta, proiektu bat edo bestea hautatzerakoan, ez da kostu ekonomikoa bakarrik kontuan hartu behar, proiektuan dakartzan onurak ere balantzan jarri behar dira eta dagokion balorazioa egin.