AKTUALITATEA


| 2023-02-08 14:12:00

Gaurko Batzar Nagusietako osoko bilkuran, EH Bilduk interpelazioa egin dio Foru Gobernuari bidesariekin egindako kudeaketa negargarria dela-eta: segurtasun juridikorik eza, auzitegiek segidan bi foru-arau bertan behera utzi eta milaka euro kalte-ordainetan. Hala ere, Foru Gobernuak erabaki zuen zuhurtziaz ez jokatzea eta bidesariak kobratzen jarraitzea, nahiz eta garraio-sektoretik eta Batzar Nagusietatik behin eta berriz ohartarazi zitzaien zer gertatuko zen bide horretatik jarraituz gero.

Jakina denez, Gipuzkoako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak arrazoia eman die bi garraio-enpresari eta langile autonomo bati, eta 13.000 euroko kalte-ordaina aitortu du, epaien bidez araua etenda zegoenean Gipuzkoako errepideetan ordaindutako bidesariengatik. Une honetan ez dakigu zenbat itzulketa eskaera bideratzen ari diren, edo zenbat gehiago egingo diren etorkizunean, baina kontuan hartu behar da, Foru Gobernuaren beraren datuen arabera, 38.539.930,00 € bildu zirela zuzenbidearekin bat ez zetozen kanonak kobratzeagatik.

Oskar Bordes EH Bilduko batzarkideak gogorarazi duenez, epaileak arauak bertan behera utzi zituela jakin ondoren, «bai errepide-garraioaren sektoreak bai gure batzarkide taldeak behin baino gehiagotan eskatu genion Foru Gobernuari bidesariaren kobrantza etetea». Zehazki, adierazi du EH Bilduk «behin eta berriz» eskatu ziola Foru Gobernuari «zuhurtasunez jarduteko eta kanona kobratzeari uzteko, baina ez ziguten kasurik egin».

Era berean, EH Bilduko batzarkideak auzi honen inguruan Eider Mendoza eta Markel Olano egiten ari diren adierazpenak gezurtatu behar izan ditu. Izan ere, Diputazioko bozeramaileak adierazten ari dira epaitegiek bertan behera utzi dituzten arauek batzarkide talde guztien bermea zutela. Oskar Bordesek gogorarazi du EH Bilduk ez zuela arau hauen alde bozkatu eta, gainera, guk aurkeztutako zuzenketa guztiak EAJk eta PSEk baztertu zituztela. Beraz, Bordesek argi eta garbi eskatu du esandakoa zuzentzeko: «guk ez dugu erabaki guztietan parte hartu». «Ez, hori ez dugu onartuko», gaineratu du.

Azkenik, EH Bilduk Foru Gobernuari aurpegiratu dio eskura dituen trikimailu guztiak erabiltzen ari dela legez kanpo kobratutako bidesariak ez itzultzeko: «Nola azaltzen diezu jokabide hori zergak eta kanonak modu puntual eta egokian ordaintzen dituzten gipuzkoarrei? Nola azaldu Foru Aldundiak ez diela dirua automatikoki itzuliko, baizik eta izapide judizial luze batean erreklamatu beharko diotela Gobernuari?». «Ez da kudeaketa onaren adibide bat», esan du EH Bilduko batzarkideak.