AKTUALITATEA


| 2024-12-10 13:33:00

Avanza multinazionalak Transportes Pesa erosi zuenetik erabiltzaileak mugikortasun arazo handiak izaten ari dira. Hori dela eta, EH Bilduk zenbaitetan galdera egin izan dio Foru Aldundiko Mugikortasuneko diputatu Azahara Dominguezi gaiaren inguruan, eta arazoak konpontzen ez direla ikusita, abenduko Batzar Nagusietako osoko bilkuran eztabaidatzeko ekimena erregistratu du talde subiranistak.

Azken hilabeteetako arazo larriek argi utzi dute kalitate galera gertatu dela Lurraldebuseko Debagoiena eta ibilbide luzeko emakida zerbitzuan, Avanza multinazionalak Transportes Pesa erosi zuenetik. Aldundiak egoera konponbidean jartzeko pausorik eman ez duenez, EH Bilduk proposatu du Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernuari berehalako neurriak exijitzea.

- Berehala martxan jar dezala Debagoiena eta Debabarrena eskualdeak Donostia, Bilbo, eta Gasteizekin lotzen dituen garraio zerbitzuaren emakida berritu eta zabaltzeko prozesua; eta, ondorioz, zerbitzua dagokion kalitatezkoa izan dadin, emakida esleitzeko kontratazio prozedura hurrengo urtean amaitua egon dadila.

 

- Berehala martxan jar dezala lizitazio berri baterako prozedura, autobus flotaren mantenuaren inguruko egoera zuzentzeko: zerbitzu emateko beharrezko autobus kopurura egokitzeko, zein flota erabiltzaileen hazkundeak eta eskariek eskatzen dituzten kalitate eta segurtasun estandarretara egokitzeko.

 

- Konprometitu dadila bitartekaritza egitera Avanza enpresaren eta langile ordezkarien artean, lan hitzarmena berritzeko akordioa ahalik eta azkarren lor dadin. Modu horretan, Avanzak kudeatzen duen Lurraldebuseko emakidako langileen lan baldintzak hobetu daitezen.