AKTUALITATEA


| 2022-12-05 11:54:00

Ondoren aurkezten dira Eusko Legebiltzarrak antolatu duen Debabarrena Suspertzeko Ponentzian EH Bilduk egoki ikusten dituen ardatzak eta horien inguruan bultzagarri irizten dituen proiektuak, besteak beste.

Eskualdeko hainbat eragile igaro da Ponentziatik, publikoak eta pribatuak, eta egoeraren argazki kezkagarria osatu dute.

Adierazle esanguratsu askotan, esate baterako pobrezia maila, langabezia, enpresa galera kopurua, azpiegiturak, komunikazio erraztasunak, emakumeen laneratze maila, etxebizitza kalitatea, oker gaude, Euskal Herriko batezbestekoetatik atzerago. Beste bakan batzuetan egoera ona dugu, hala nola hezkuntza eskaintzan (bi zentro EHUren graduak eskaintzen, bost ikastetxe lanbide heziketan eta batxilergorako institutu batzuk) eta ikerketa gaitasunean (bi zentro teknologiko: Tekniker eta Ideko).

Eskualdeko egitura ekonomikoak industrian du bere indargunea, beraz, Ponentziak balio beharko luke eskualdeak dituen indarguneak sendotu eta oker gauden arloetan hobekuntzak eragiteko. Lehen ildoa, indarguneak sendotu alegia, funtsezkoa da bigarrena epe luzean jasangarri izan dadin, akatsa bailitzateke Ponentziak bideratutako dituen baliabide ekonomiko eta instituzionalak egitasmo puntualetara bideratzea epe motzean, epe luzeko garapenari eutsiko lioketen proiektuen kaltetan.

Zentzu horretan, EH Bildu ados dago Debegesak (eskualdeko garapen agentzia) Ponentziara igorri zuen txostenean ekintzarako proposatzen zituen bederatzi lerro estrategikoekin: gobernantza eredua berritu; berrindustrialtzea; kalitateko enplegua eta aukera berdintasuna sustatu; hirigintza zaharberritu; turismo eskaintza hobetu; eredu energetikoa aldatu; baliabide natural endogenoak aktibatu; auto pribatua gutxiago erabiltzeko alternatibak eskaini eta eskualdeko ingurugiro kalitatea hobetu.

Baina gure ustez bada beste lerro bat aintzat hartzen ez dena, zaintzarena alegia. Dena den, lerro estrategikoak hitz bilduma bat baino ez dadin izan, proiektu zehatz bihurtu behar dira, aldaketa errealak eragin behar dira. Eta zehaztapen horietan da une honetan eztabaida. Ondoren aurkezten ditugun proposamenak eskualdeko bizilagunen aukera errealak hobeak izan daitezen egiten dugun ekarpenak dira.

Jakina, ezinezkoa da ildo guztiei berdin erantzutea, Ponentziak aktibatuko duen diru kopurua nahikoa izango ez delako. Lehentasunak ezarri beharra dago ezinbestean. EH Bilduren iritziz, premiazkoak diren ekintza batzuk eta luzera funtsezko hobekuntzak ekarriko dizkiguten beste batzuren arteko oreka bilatu behar dugu eta hori horrela izan dadin, egiturazko aldaketak eragin behar dira.

Gure ustez, pobreziari aurre egin, lan aukerak ugaritu, lanpostuen kalitatea hobetu eta bizi kalitatea goratuko luketen proiektuak lehenetsi beharko lirateke. Ildo horretan, industria, laneratze aukerak, mugikortasuna, zaintza eta hirigintzaren inguruko proiektuak lehenetsiko genituzke.

Beste gai garrantzitsua, egitasmoak zuzendu eta gauzatuko lituzketen subjektuena dugu. Badira gauza batzuk eragile indibidualek, enpresek, hezkuntza zentroek edota udalek zuzendu eta koordina ditzaketenak, baina Ponentziak ziurtatu beharko luke esparru espazial mugatuetara bideratutako proiektuez gain (auzo bateko zaharberritzea, adibidez) eskualdea bera, bere osotasunean hartuta, onuragarri bihurtzen dituen proiektuak ere proposatzen direla. Horretarako, gainera, subjektu egokia dugu inondik ere: Debegesa garapen agentzia. Honen funtziorik garrantzitsuenen artean, eskualdearen egiturazko oreka bultzatzea baitago.

Orain artean esandakoa bilduz, EH Bildun uste dugu Ponentziak bultzatuko dituen proiektuek epe motzeko zein luzekoak behar dutela izan, egitura sozioekonomikoa eraldatu eta eguneratzeko balio beharko dutela, subjektu indibidualen eta kolektiboen papera indartu eta adierazle garrantzitsuak aldaraztea ekarri beharko luketela.

Buruan, pertsonek, eskualdeko bizilagunek, antzeman beharko genuke Ponentzia izan dela eta gure eguneroko zein etorkizuneko bizimodua hobetze bidean dela, beti ere eskualdean bertan errotze aukerak ugarituz. Adibide bat ematearren, mugikortasuna hobetzeko proiektu batek biztanle guztiengan eragingo luke, eskualde barruko mugimenduak eta beste lurraldeekiko loturak hobetzean, bizi kalitatea hobetzeaz gain eragin ekonomiko positibo esanguratsua lortuko litzateke eta.

Ondoren, beraz, EH Bilduk une honetan bultzatzeko prest dagoen proiektu batzuk laburtu ditu. Horietako bat Elgoibarko IMHk bultzatutakoa da eta beste laurak udaletatik eta Debegesatik bideratu beharko liratekeenak.

Ezin bukatu esan gabe proiektu hauek Ponentziaren lanen egungo egoerari erantzuten diotela eta aldaketak egiteko prest gaudela eragile guztiek beren asmoak argitaratu ahala. EH Bildu prest da, jakina, beste guztien iritziak aintzat hartu eta adostasuneko proiektu bilduma bat babesteko. Beti ere garapen sozioekonomikoa, ekitatea, herrien arteko oreka eta muturreko ezberdintasun sozialen murrizketa buruan.