AKTUALITATEA


| 2024-10-09 13:56:00

Inflazioak, krisi egoerak, larrialdi klimatikoak eta abarrek eragin zuten 2022an MUGI sistemak Gipuzkoako garraio publikoan eskaintzen dituen onuren gaineko %50eko jaitsiera. Eta deskontuaren indarraldia urte amaieran iraungiko da. Bi urte igarota, egoera ez da aldatu, ondorioz, 2025ean %50eko deskontua mantentzea ezinbesteko neurri gisa jotzen du EH Bilduk.

 

Oskar Bordes EH Bilduren batzarkideak adierazi bezala, garai honek, inertzia baino, etorkizunari begirako anbizio handiko neurriak eskatzen ditu: “Orain da Lurraldebus zerbitzuak epe ertainera eta luzera zein helburu bete behar dituen, eta horretarako zein plangintza beharko den zehazteko unea. Zerbitzuak bestelako anbizio bat izan behar du eta abiatzen diren lizitazio prozesuetan zerbitzu murrizketak ezin dira ezarri”.

 

Gainera, Lurraldebuseko zerbitzuaren kalitatea zabaltzearekin batera, eta garraio publikoaren eskaintza indartzearekin loturik, Gipuzkoako garraio publiko sarean aplikatzen den MUGI tarifikazio sisteman sakondu behar dela ere xehetu du.

 

Iaz, 2024ra begira, PSEk eta EAJk agiri bat argitaratu zenuten, %20ko hobaria aplikatzen jarraitzea adostu zenutela adieraziz. Eta %50eko tarifa beherapenekin jarraitzeko, %20ko ekarpena lotu zenuten, Madrilek %30eko deskontu laguntzari eusten bazion”, azaldu du Bordesek. Eta jarraian galdetu die PSE eta EAJko agintariei ea datorren urterako zer adostu duten, abian den deskontua 2024ko abenduaren 31n iraungitze baita.

 

 

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gipuzkoako Foru Aldundiari honakoa eskatu diote:

 

1.- EAEko Garraio Agintaritzan, zein Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzan, susta dezala MUGI Sistema barruan dauden Gipuzkoako garraio publikoetan MUGIko tarifen onuren gaineko %50eko beherapena mantentzea 2025ean.

 

2.- EAEko Garraio Agintaritzan, zein Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzan, susta dezala, 2025erako aurrekontuari begira, egun euskal erakundeek finantzatzen duten %20ko deskontua mantentzea. Gainerako %30eko deskonturako laguntzekin ez jarraitzea erabakitzen badu estatuak, euskal instituzioek beren gain har dezatela konpromisoa hori finantzatzeko, eta zentzu honetan, Foru Aldundiak behar diren aurrekontu partidak gorde ditzala.