Ingurumen zaintzarako eta naturaren defentsarako sortu zen zerbitzari publikoa den basozainen figura, eta egun, beraiek dira Gipuzkoan funtzio hori betetzeko ardura dutenak. EH Bilduren batzarkide Eneritz Otamendik osoko bilkuran gogoratu zuen gisan, zaintza lanak, larrialdiak, kudeaketa lanak eta sentsibilizazioa eta ingurumen heziketa dira basozainen egitekoak.
Horiek egiteko, gaur gaurkoz, 48 basozain daude Gipuzkoan. Mendiak eta Habitatak kudeatzeko zerbitzuan 39 eta Basa Animalia eta Landareak kudeatzeko zerbitzuan bederatzi Gipuzkoa osorako. Asteburuetan eta jai egunetan hamar basozainek egiten dute lan, lurraldea bost lan eremutan banatu eta eremu bakoitzean bina basozain aritzen dira.
Zerbitzua emateko gabeziak asko handitu direla salatu dute basozainek azken urteetan, Gipuzkoako Batzar Nagusietan hainbat agerralditan adierazi dutenez, Eneritz Otamendik gogoratu zuenez. “Legealdi honetan eta aurrekoan behin baino gehiagotan izan dugu gaia mahai gainean, osoko bilkuran ebazpen proposamen bidez, batzordean agerraldien bidez, urteak dira aldarrikapen berberak entzuten ari garela”, azaldu du.
Urte gehiegi dira, EH Bilduren irudiz eskaerei erantzun gabe pasa direnak. Hala, koalizio subiranistak aurkeztutako ebazpena onartuta, hainbat eskaera egin dizkio Gipuzkoako ganberak Foru Aldundiari. Batetik, basozain publikoen zerbitzua bete ahal izateko lantaldea handitzea. Etengabeko formazio egokia jasotzeko eskubidea bermatua izan dezaten, bestetik. Basozainek lana egoki egiteko beharrezko dituzten lan tresnak zeintzuk diren zehaztea eta bermatzea. Prozedura eta jarduera planak eguneratzea, eraginkortasuna handitu eta funtzioen argipena gardena izan dadin. Koordinazioa hobetzea beste larrialdi zerbitzu, suhiltzaile... Azkenik, basozainen lanari eta irudiari balioa ematea eta beren lanaren inguruko pedagogia positiboa egitea.