AKTUALITATEA


| 2021-06-10 10:02:00

“Pandemiak baldintzatutako bi urteok gogorrak izan dira, ondorio ekonomiko eta sozial larriak eragin dituztenak. Eta lehendik genekiena berretsi da: herritarrek egon behar dute politika publikoen erdigunean”, adierazi du Zinkunegik. “Hori da Gipuzkoan, udalez udal, alkatetzetatik zuzenean eta oposiziotik eskua luzatuta, bi urteotan EH Bilduk egin duena”, gaineratu du.

Gogorarazi dute EAJ-PSEren aldundiak, udalekin lanketarik egin gabe, haien baliabide ekonomikoak murriztu zituela pandemia lehertu berritan, foru funtsari %20ko murrizketa ezarrita. Hala ere, “EH Bilduko alkatetzek udal baliabideak bideratu zituzten okerren zeuden herritarren eta sektoreen beharrei erantzutera”.

Zentzu horretan, hainbat adibide ekarri ditu gogora Zinkunegik: “dirulaguntza lerroak aktibatu zituzten autonomo, merkatari, ostalari eta pandemiak gehien kaltetutako sektoreentzat; Azpeitiko Udalak, adibidez, konfinamendua ezarri eta bi egunera jarri zuen indarrean neurri hori. Azokak debekatzeko Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiaren aurrean, Oñati, Ordizia edota Azpeitiko udalek mantendu egin zituzten, osasun egoeraren araberako segurtasun neurriak hartuta, eta tokiko ekoizleei lehentasuna emanda. Zaintzaren esparruan, Ordizian eta Zumaian, besteak beste, adinekoen egoitzarako babes materiala bermatu zuten udalek; herri askok jarri zituzten martxan boluntarioen sareak edo zaintza sare komunitarioak, 60 urtetik gorako herritarrei deiak egiteko, erosketak eta botikak eskuratzeko, zein hondakinak ateratzeko. Orereta/Errenteriako Udalak, ikasle guztiei eskolen on line modalitaterako sarbidea bermatzeko, ordenagailuak banatu zituen. EH Bilduko hainbat udalek, kultura eragileekin hitzartutako ekitaldiak bertan behera utzi ordez, aurrekontuen zati bat aurreratu eta ekitaldiekiko konpromisoa mantendu zuten. Eta segurtasun neurriekin bada ere, kultura agendari eutsi zaio”.

Kontrara, Aldundiarentzat pandemiaren irakaspenek ez dutela ezertarako balio izan esan du Izagirrek eta Gipuzkoa mailan “makillaje” operazio bat baino ez dela egin itxura egiteko. “Baina ez benetan gauzak aldatzeko, beste politika batzuk aplikatzeko, gure ekonomiaren eta jendartearen norabidea aldatzeko. Aldundiak proiektu berdinekin jarraitzen du, ekonomia-sistema berdinarekin, eta politika egiteko modu berdinekin”. Eta mahaigaineratu du Gipuzkoako datuak izugarriak direla: “Goiz da jakiteko zergatik, baina aztertu beharko da, soseguz eta zintzotasunez, zergatik izan den Gipuzkoa mundu mailako lurralde kastigatuenetakoa. Datuak hor daude”.