AKTUALITATEA


| 2020-05-15 18:10:00

 

Gaur goizean Gipuzkoako Finantzen kontseilua bildu da Udalen Finantziazioari buruz hitz egiteko, baina atzo bertan argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean diputatuen kontseiluak harturiko erabakia: udalei UFFF %20 jaistea maiatzeko ordainketatik hasita.

 

Finantzen Kontseiluak erabakia hartu aurretik bildu behar zuela adierazi diote Aldundiari Eudeleko lurralde batzordeko kide guztiek adostasunez. Izan ere, sekula ez da gertatu erabakia modu horretan, aldebakarrez hartzea Aldundiak. Bere aldetik, Eneko Maioz Orexako alkateak, Gipuzkoako 56 alkateren izenean, proposamen alternatibo bat aurkeztu dio Foru Aldundiari. “Erantzuna bat-batekoa izan da eta ezezko borobila jaso dugu, proposamena ez dela egingarria esanez eta udalekin ezer adosteari ateak erabat itxiz”, esan du. “Datu gehigarriak ere eskatu dira erabakiaren egokitasuna aztertzeko baina hiruzpalau datu orokor besterik ez dira eman”, azaldu du.

 

Maiozek 56 alkatek (44 EH Bilduko eta 12 independiente) egindako proposamena mahai gaineratu du eta arratsaldean jakin da, bestalde, PSEko alkateek ere elkarrizketarako bide bat eskatu diotela Gipuzkoako Foru Aldundiari, udalei zuzenean eragiten dieten gaiak adosteko.

 

Maiozek nabarmendu du “erabat arduragabea” dela Gipuzkoako Aldundiaren jokabidea: “Aldundiak bere aurrekontuak egokitzeko egin du murrizketa, udalen arrisku eta egoerak kontuan hartu gabe. Foru Aldundiak udalen babesle izan behar du eta ez udalen erasotzaile, kasu honetan bezala”.