AKTUALITATEA


| 2025-02-05 12:22:00

Euskal Herria Bilduren Gipuzkoako bozeramaile Maddalen Iriartek Abiadura Handiko Trenaren proiektua “zentzugabekeriaz betetakoa izan dela, eta dela” salatu du Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran. Dagozkion ardurak hartzea eskatu dio aldundiari Ezkioko geltokiaren inguruan. Herritarrei lehen eskuko informazioa bermatzeko aldundiak egin beharreko lana egiten ez badu, batzar nagusiek egin dezaten proposatu du.

 

Abiadura Handiko Trenaren trenbidea hasiera-hasieratik “eredu izan da politikagintzan eta herrigintzan gauzak nola ez diren egin behar”, salatu du Maddalen Iriartek, EH Bilduko bozeramaileak otsailaren 5ean Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran. Hori erakusten duten hamaika adibide ere zerrendatu ditu. Hala nola, “zalaparta baten egindako tunel eta zubiak, aspaldi bukatuak, eta trenik ez daukatenak, babesteko panelak erortzeko arrisku gorrian batzuk, besteak haizeak makurtu dituenak...

 

Euskal Y deritzona Nafarroarekin lotzeko puntuan eta horri lotuta “Ezkioko kasuan ez trenbidea bakarrik, amaitu gabeko sasi-geltoki bat ere bai. Ez tren eta ez bidaiari. Eta barre egiten genuen Espainian abioirik gabeko aireportuak omen zeuzkatelako”, gehitu du EH Bilduren eledunak. Horri lotuta Gipuzkoako Foru Aldundiak izan duen jarrera “arduragabea” salatuz. Aldundiak “informazioaren erabilera interesatua” egin izana ere salatu du eta hori ez dela “zilegi” ere arbuiatu du. Eta gehitu du: “ez du balio egoera puntu honetara iritsita bakoitzak dituen ardurak ez asumitzeak eta pilota besteen teilatura bota nahi izateak”.

 

Adibide gisa Iriartek gogora ekarri du azken hilabeteotan aldundiak esan duela abiadura handiko trenak ez duela balioko, zehazki: “ez duela funtzionalitaterik izango”, Nafarroarekin lotunea Ezkiotik egiten ez bada. EH Bilduren iritziz, hori ez da nolanahiko baieztapena, Euskal Herrian sekula egin den gastu publiko handiena kolokan jartzen baitu.

 

Aktore berdinek, alegia, PNVk eta PSEk Gipuzkoan eta Araban publikoki jarrera ezberdina agertzearen harira, alegia, Nafarroarekiko loturak Ezkiotik edo Gasteiztik behar duen, “alarmak pizten zaizkigu eta geure buruari galdetzen diogu zer dagoen benetan itxurazko tirabira honen atzean”, azaldu du Iriartek..

 

Nolanahi ere, eta egindakoa eginda dagoenez, eta “gure erantzukizuna etorkizunari aurre egitea denez, datu tekniko eta ekonomikoetan  oinarrituta, ea lortu dezakegun Euskal Herri osoari, eta bertako herritarrei mesede egingo dien garraio bide bat, lardaskeria hau arinduko duena”, esan du EH Bilduren bozeramaileak. Izan ere, badira 19 urte lan hau abiatu zenetik.

 

EH Bilduren ustez, gure herria egituratzeko azpiegiturak behar ditugu, eta baita kutsadurari aurre egiteko garraio publiko duina ere. Baina beste modu batera egin zitekeen hau. Horregatik, proposamen bat ere egin dio osoko bilkurari: “Aldundiari badagokio ere, hori taxuz egingo ez badu, proposatzen dugu Batzar Nagusi hauek izan daitezen Madrilen Ministerioari lehen eskuko informazioa eskatuko diotenak, txosten eta azterketa zehatzen gainean erabakiak hartzeko, horretarako propio sortutako ordezkaritza baten bitartez”.