AKTUALITATEA


| 2025-06-12 14:04:00

Apirilaren 28an zerbitzua martxan hasi eta berehala doitu behar izan zituzten Zumarragako autobusen ordutegiak planteamenduan sartzen ez zen Legazpiko lotura bermatzeko, ontzi-aldaketa bitartez. Baina horrekin, Legazpiko bizilagunei, Zumarragakoei, Beasaingoei eta Ordiziakoei ez bezala, zigorra ezarri zaie, dBus-en zerbitzuetan doako ontzi-aldaketa egiteko aukera kendu baitiete.

GO07 linea berria Legazpitik hasi ez izanaren arrazoia ez da teknikoa, politikoa baizik. Legazpi linea berri horretatik kanpo uzteko erabaki politikoa hartu zutenek ez zekiten, edo ez zuten kontuan hartu nahi izan, MUGI sisteman doako ontzi-aldaketa bakarra egin daitekeela.

Dena den, doako ontzi-aldaketa horrekin ere gauza gutxi konpondu zaie legazpiarrei. Zumarragatik Legazpira bueltatzeko hartu behar duten Lurraldebuseko DG04 lineako autobusak sarri atzerapenarekin iristen dira… autobusek duten mantentze lan eskasa dela-eta. Ondorioz, Legazpira berandu iristen dira, eta, horregatik, erabiltzaileek ezin izaten dute Zumarragan ontzi-aldaketa egin. Esango dute ontzi-aldaketa bermatua dagoela, baina ez da kalitatea bermatzen, ez delako azkar egiten, besteak beste.

Bestetik, planteamendua egiterakoan ez dira aintzat hartu eskualdean dauden gainerako zerbitzuak, eta horregatik kasurik gehienetan ez dira bateragarriak. Beraz, ez da behar bezala sustatzen eta bermatzen garraio publikoaren erabilera.

Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin autobus zerbitzu bidez lotzeko inprobisazioz betetako prozesu honetan hartu duten azken erabakiarekin ere ez da behar bezalako zerbitzua bermatzen; izan ere, lanegunetan, goizeko lehen bi autobus zein Donostiako bueltako gaueko azken biak gelditzen dira Legazpin. Eta, asteburuetan, eguneko lehenengoa eta Donostiako bueltako azkena. Bi autobus horiek Legazpin dute gordetzeko tokia; beraz, goizean irteten direnean bakarrik har daiteke autobusa Legazpin, gainontzeko orduetan ez, ontzi-aldaketa egin behar dute.

Urola Garaitik eta Goierritik Donostialdera egunero egiten diren joan-etorriei erantzungo dieten zerbitzuak indartu behar dira, bereziki lan edo ikasketa arrazoiak direla medio errutina finkoetan oinarritzen direnei. Halaber, beste garraio-zerbitzu batzuen erabilera ere erraztuko luketenak, hala nola Eusko Trenena, eta Donostiako Miramongo Parke Teknologikoa zein ospitale-gunerako sarbidea hobetuko luketenak ere. Horien beharrean gaude.

Pasa den ekainaren 6an, EH Bilduren ekimenez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu zuten Aldundiari eskatzea Urola Garaia eta Goierri Eskuzaitzetako industrialdearekin, Errekalden Euskotrengo lineekin, Galarretarekin, Miramongo Parke Teknologikoarekin eta Donostiako ospitale-gunearekin lotuko dituen linea berri bat sortzea.

Uste dugu bigarren linea horrek nabarmen hobetu dezakeela Goierrin bizi direnen egunerokotasuna.

Esan gabe doa proposamen honek trafikoa eta horren ondorioak murriztea ere bilatzen duela. EAEko mugikortasun azterlanaren arabera, Goierritik egunero Donostiara iristen diren autoen kopuruak hazkunde nabarmena izan du: 2016koak: 3.699. 2021ekoak: 5.631. Dena den, ez da zertan analisi zientifiko sakonik behar kotxe pribatuaren erabileraren hazkundea agerikoa dela adierazteko.

Uste dugu bi autobus linea horiek, Aldundiak landu duen GO07 eta proposatu duguna, osagarri izan daitezkeela eta osatu egin behar direla. Helmuga desberdinak dituzten bi zerbitzuekin, ziur Urola Garaiko eta Goierriko biztanleek irabaziko dutela.

Instituzioen arteko elkarlanik ez

Bukatzeko, Azahara Dominguez diputatuak esan izan du alkateekin elkarlanean egin dituela proposamen hauek. Bada, EH Bilduren iritziz, ez da errespetu instituzionalez jardun. Izan ere, Zumarraga, Beasain eta Ordiziako alkateei bakarrik aurkeztu zitzaien pasa den urteko azaroaren 5ean proposamenaren “zirriborroa”. Zirriborro izaeraz gutxi zuena, proposamen itxi bat baitzen.