AKTUALITATEA


| 2025-01-22 14:08:00

Abiadura Handiko Trenaren gaia berriro ere Batzar Nagusietara eramango du EH Bilduk. Oraingoan, talde subiranistak Eider Mendoza ahaldun nagusia interpelatuko du, eta zuzenean galdetuko dio ea zein txosten teknikotan oinarritu den Gipuzkoako Foru Aldundia “Euskal Y” deiturikoak Nafarroarekiko lotunea Ezkion izan behar duela argudiatzeko.

Urtarrilaren 11n, zenbait komunikabidek jaso zuten “Euskal Y” deituriko proiektuak Nafarroarekin zein konexio bide izan beharko lukeen. Espainiako Gobernuko Garraio Ministerioak egindako txostenak aipatu zituzten komunikabideek, nabarmentzeko txosten horietan jasotzen dela lotunea Gasteiztik egitea dela egokiena, Ezkiotik egiteak trafikoaren saturazio handiagoa ekarriko lukeela argudiatuta.

Halaber, AHTren linea nagusiaren eta Nafarroarako desbideratzearen arteko “loturarako” pentsatutako konfigurazioaren ondorioz, Bilbotik eta Gasteiztik datozen trenek trenbidea aldatu beharko lukete, kontrako noranzkoa hartuz; Donostiatik datozenek, ordea, Ezkion irauli beharko lukete beren martxaren noranzkoa, Iruñerako bidea hartzeko.

Horiei erantzunez, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere komunikabideetan adierazi du “teknologikoki gaindituriko kontuak” direla eta “bestelako txosten eta frogak” egin beharko direla, eta, edozein kasutan, lotura hori “Ezkiotik egitea komenigarriagoa dela Gipuzkoarentzat”.

Egoera ikusita, EH Bilduk azalpen argiak eskatu dizkio Mendoza ahaldun nagusiari, gipuzkoarrei zor zaien gardentasunez eta bere karguari dagokion zorroztasunez aritu dadin. Izan ere, EH Bilduren batzarkide taldeak egindako galdera bati erantzunez, aldundiak berak onartu baitzuen 2024ko irailean Ezkioko lotunea lehenetsi behar dela argudiatzeko txosten tekniko propiorik  ez  duela.