EH Bilduk gaur iragarri du 2023rako aurrekontu-proiektuari osoko zuzenketa aurkeztuko diola, EAJ-PSEren egungo foru gobernuak jauzi kualitatibo bat emateko duen anbizio falta eta Gipuzkoako herritarren gehiengoaren onurarako akordioak lortzeko inolako borondaterik ez duela baieztatu ondoren.
Juan Karlos Izagirrek, EH Bilduren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak, adierazi du «foru gobernuak gure 63.700.000 euroko eskaerari, 7 milioi euro inguruko eskaintza» egin dio bueltan, «nahiz eta inoizko aurrekontu altuena izan 2023koa, % 0,6koa proposamena soilik luzatu digute, pasa den urtean zaintzaren esparruan lortu genituen hobekuntzen kopuru bera».
Gainera, Izagirrek azpimarratu du EAJk ez diela erantzun egindako proposamen politikoei: «alardeetan bitartekari lan zuzenak egiteko konpromisoari erantzunik ez; Iparraldeko Euskal Hiri Elkargoarekin hitzarmena sinatzeari erantzunik ez; Udal funtsa gehitu eta banatze-irizpideei buruzko proposamenari erantzunik ez; eta politika fiskalei buruz hausnarketa egiteko proposamenari erantzunik ez».
EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, «datorren legealdian gobernantzen duenak gobernatuta ere, neurri sakon eta estrategikoak onartzea EH Bildurentzat ezinbestekoa da, etorkizuneko oinarria finkatzeko eta kanpo faktoreek Gipuzkoaren potentziala berriro hankaz gora ez jartzeko». Halere, «EAJk ez duela horretarako prestutasunik» ondorioztatu du. Izan ere, «EH Bilduk egindako proposamen ekonomikoaren % 11 soilik eskaini du EAJk, eta egindako akordio politikoen inguruan, erantzunik ere ez dute eman» azaldu du EH Bilduko eledunak. Horregatik esan du «2023ko aurrekontuen bidez Gipuzkoan jauzi kualitatiboa emateko aukera argia» galdu dela.
EH Bilduren eta foru gobernuaren arteko harremanen emaitza zehaztu du Izagirrek. Bi bilera izan dira, lehenengoan, EH Bilduk azaroaren 17an publikoki aurkeztutako proposamena azaldu zuen, eta bigarrenean, EAJ-PSEren Gobernuak proposamenari erantzun zion.
Izagirreren hitzetan, «bizi dugun egoera ikusita, arduratsuak izan eta ariketa landua egin dugu, adostasunera iristeko helburu argiarekin. EH Bilduk Gipuzkoan aurrekontu proposamen baten negoziaziorako inoiz aurkeztutako akordiorako proposamen osatuenaz hitz egiten ari gara». Apustu horren aurrean, «jasotako erantzuna ez da tamainakoa izan» bukatu du Izagirrek.
Gogora dezagun EH Bilduk Gipuzkoan jauzi kualitatiboa emateko ekonomia eta industria, fiskalitatea, zaintza eta larrialdi klimatikoa oinarri dituen 63.780.000 euroko hobekuntza aurkeztu ziola foru gobernuari. EAJ-PSEren foru gobernuak akordioak lortzeko borondaterik ez duela egiaztatu ondoren, EH Bilduk 2023ko Gipuzkoako aurrekontuei osoko emendakina aurkezteko erabakia hartu du.