AKTUALITATEA


| 2023-04-13 13:44:00

Azken hogeita hamar urtetan ikusi dugu zelan joan den pribatizatzen zahar egoitzen esparrua. 90. hamarkadan Hego Euskal Herriko egoitzen %9 inguru zegoen enpresa pribatuen esku, eta gaur egun kontrara, egoitzen %9 inguru baino ez da guztiz publikoa. Izan ere, “publikotasunaren” atzean egoitzetako hainbat zerbitzu azpikontratatu egiten dira: sukaldea, garbiketa… Negozioa bilatu zuten ordurarte administrazioak kudeatzen zuen esparruan, eta ondo aurkitu ere.

Pribatizazioa ez da soilik etiketa bat, berarekin dakar langileen lan baldintzak okertzea, erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea jaistea… Eta horregatik borrokan ikusi ditugu urte luzez zahar egoitzetako langileak; sektore feminizatua izanik, hainbat eta hainbat emakume. Grebak, mobilizazioak… Lan berdina egiteagatik soldata berdina eskatuz, egoitzak publikoak izan behar direla eskatuz.

Getxoko egoera ez da bestelakoa: 75.629 biztanleko gure udalerrian, zeinetan 65 urtetik gorakoen kopurua %26,80-koa den, Udal egoitza publiko bakarra dugu, eta ez guztiz publikoa, lehen adierazi bezala. Jakina da gero eta biztanleria zaharragoa daukagula, eta joera da urte gutxi barru 65 urtetik gorako pertsonen ehunekoa handitzea. Prest egon behar dugu datorkigun erronkari aurre egiteko, pertsonak erdigunean jarriz eta zaintza sistema publikoa oinarri izanik.