Getxoko Udalak 95 lanpostu betetzeko Enplegu Eskaintza Publikoa iragarri du aurten. Hala ere, aurkeztutako lanpostuen erdiari baino ez zaio ezarri euskararen ezagutza eskakizuna, eta horrek kezka handia sortu du herritarren eta langileen artean.
Bizarra Lepoan euskara elkarteak, Bagara Nor euskaltzaleen topaguneak eta LAB eta ELA sindikatuek publikoki salatu dute erabaki horrek udal administrazioan eta herritarren artean hizkuntza-eskubideak urratzen dituela. Izan ere, gainontzeko lanpostuetan hizkuntza-eskakizunak atzeratu egingo dira inolako bermerik gabe, eta beste batzuei ez zaie inolako eskakizunik ezarriko.
Egoera horrek ondorio argia du: euskaraz artatua izatea zorte kontu bihurtzen da. Hori onartezina da administrazio publiko batean, eta zuzenean kolpatzen du hizkuntza-berdintasunaren printzipio fundamentala.
Gogorarazi behar da hizkuntza-eskubideak oinarrizko eskubideak direla, eta, beraz, giza eskubideak ere badirela. Eskubideen artean ezin da mailaketarik egin; eskubide bat beste baten gainetik badago, orduan lehen mailako eta bigaren mailako eskubideak daude, eta, beraz, eskubide batzuk ez dira osoko eskubideak. Nazioarteko Zuzenbideak berak ezeztatzen du eskubide bat beste baten gainetik jartzea.
Euskarak eta gaztelaniak ofizialtasun maila bera dute Euskal Autonomia Erkidegoan, eta, ondorioz, administrazio publikoek bi hizkuntzen arteko berdintasuna bermatzeko betebeharra dute. Horrek esan nahi du herritar orok eskubidea duela bere hizkuntza hautuan artatua izateko, eta udal langile orok gaitasuna izan behar duela herritarren hizkuntza-eskubide hori errespetatzeko.
Getxoko Udalak ezin du hizkuntza-politikan atzerapauso koldarrik eman. Are gehiago, udal honek euskararen normalizazioa eta herritarren hizkuntza-eskubideen bermea izan beharko lituzke bere jardunaren oinarri.
Horregatik guztiagatik, Getxoko EH Bildu Udal Taldeak honako erabaki-proposamenak aurkezten ditu:
Getxoko Udalak onartzen du hizkuntza-eskubideak oinarrizko giza eskubideak direla eta, beraz, ezin dela onartu eskubideen arteko mailaketarik.
Udalak konpromisoa hartzen du etorkizuneko enplegu-deialdi guztietan hizkuntza-eskakizunak derrigorrezko baldintza gisa txertatzeko, herritarren hizkuntza-eskubideak erabat bermatzeko.
Udalak bere gain hartuko du Euskararen Normalizazio Plana eta Euskararen Ordenantza betearazteko eginkizuna, eta behar diren baliabideak jarriko ditu udal-langile guztien euskalduntze eta alfabetatze prozesuak sendotzeko.
Udalak konpromisoa hartzen du Getxoko herritar guztiei euskaraz eta gaztelaniaz artatua izateko eskubidea bermatzeko, udal zerbitzu guztietan.