Urtea amaitzeko hilabete eskas geratzen den honetan, EAJk eta PSEk osatzen duten Udal Gobernuak oraindik ez du jakinarazi 2026ko aurrekontuei buruzko inolako informaziorik: ez kronogramarik, ez zirriborro proposamenik, ezta ekarpen eta emendakinak egiteko prozeduraren berririk ere.
Kezkatuta gaude eta larria iruditzen zaigu 100 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua maneiatzen duen Udal batek aurreikuspenik gabe jokatzea. Getxok erronka handiak ditu esku artean, horietako asko herritarren bizi baldintzak hobetzeko ezinbestekoak direnak: etxebizitzaren problematika, zaintza lanen prekarizazioa, bazterketa egoeran dauden pertsonak, indarkeria matxista, komertzio txikiaren degradazioa… Asko eta asko dira aurrean ditugun egitekoak eta hauek ardura politikoa eskatzen dute.
Udal gobernuaren barne egoera gatazkatsua Udalaren ohiko funtzionamendua baldintzatzen ari da, harik eta Udal bat ardazten duen urteko elementu nagusietako bat, aurrekontuak, alboratuta utzi arte. Azkenaldian ikusten ari garen Getxoko funtzionamendu eta kudeaketaren paralisia agerian geratzen ari da, beste behin ere.
Atzerapen honek ondorio ezberdinak izango ditu baina kaltetu nagusiak Getxoko herritarrak izango dira, aurrekontu berririk gabe ezin delako herriaren planifikazio egokia egin. Egoera sozialak urtez urte aldatu egiten dira eta horregatik ezinbestekoa da urtero planifikazio egokia egitea, erronka eta beraz inbertsio nagusiak zeintzuk izan behar diren erabakitzeko.