AKTUALITATEA


| 2022-04-22 11:58:00

Ezaguna da Azkorri aldean azken urteetan gertatzen diren kotxe pilaketek sortzen duten ezinegona auzokideen artean. Are gehiago, getxoztar guztiontzat gozagarria den eremu berde honetan motordun ibilgailuen joan etorri etengabeak getxoztar guztiok arduratzen gaitu. Izan ere, naturaz gozatzeko leku bakarretakoa da eremu hau, Galea inguruari lotua eta Sopela eta Plentzia arteko kostaldearekin konektatuta. Eta zer esanik ez bertako fauna eta landarediaren babesean honek duen eraginak, batez ere apo lasterkariaren kasuan.

Argi dago mugikortasun arazoek asko daukatela ohitura kolektiboetatik, baina egia da baita ohitura aldaketak eman daitezen pausuak eman behar direla. Kontziente gara egun batetik besterako aldaketarik ez dela egongo arlo honi lotuta, eta saiakeraren bat edo beste egin dela, Zientoetxeko bidegorria kasu. Bidegorri estua eta arriskutsua izanik, kendu behar izan zena. Baina kontziente gara baita kotxeen eta motordun ibilgailu pribatuaren ikuspegitik hartutako erabakiek ez dutela lagunduko norabide aldaketa horretan. Kotxeen joan-etorri etengabea ordenatzeko egindako partxeek arazoan sakontzea suposa dezakete. Eta horrek ere sortzen digu egonezina.

Norabide honetan, azken urteetan hainbat neurri proposatu ditugu, baina zoritxarrez agerikoa da Udalaren utzikeria. Kotxeei txarto aparkatzeko ipini diren oztopoak herri-mugimenduak berak jarri behar izan zituen, Udalaren utzikeriaren aurrean. Hilabeteak aurrera doaz, uda atarian gaude, eta aurten ere aurreko urteetako arazo berberak errepikatzeko arriskua daukagu gurean, Udalak inolako neurririk hartu ez duelako, hala eskatu diogun arren hemen osoko bilkuran bertan, baina baita inguru horretako auzokideek ere.

Kontuan hartu behar dugu, gainera, Ibarbengoako metro geltokia eraikita dagoela jada (sekulako inbertsioa xahutu ostean) eta bertan dagoen aparkalekuaren erabilera ez dela %10era heltzen. Badaukagu arazo bat Azkorrin (kotxeen joan-etorri etengabea eguraldi ona dagoenean) eta badaukagu azpiegitura bat erabili barik (metro-geltoki bat eta aparkaleku bat hutsik). Logikoa da pentsatzea biak lotzeko autobus lanzadera zerbitzua sortzea, mugikortasun jasangarria bultzatzeko eta Azkorrira doazen auzokide eta bisitariei alternatibak eskaintzeko.

Errealitate hau kontuan hartuta, eta ikusita Udalak ez duela inolako alternatibarik planteatu, honakoa proposatuko diogu Getxoko udalbatzari:

Getxoko Udalak autobus-lanzadera zerbitzua sortuko du udan Ibarbengoako metro geltokiaren eta Azkorri inguruaren artean, eta komunikazio-kanpaina abiatuko du auzokideak eta bisitariak oinez, bizikletaz edo garraio publikoa erabiliz joatera animatuz.