AKTUALITATEA


| 2021-12-22 14:46:00

Getxoko osoko bilkurak 2022. urterako udal aurrekontuak onartu ditu PNV eta PSEren aldeko botoekin eta oposizioaren kontrako botoekin (EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP). Udal Gobernuak oposizioak aurkeztu dituen zuzenketa guztien kontra bozkatu du, EH Bildutik aurkeztu ditugun 28 proposamenak barne. PNV eta PSE, beraz, bakarrik geratu dira euren aurrekontuak babesten. EH Bildurentzat, udal kontu hauek ez dituzte Getxoko benetako beharrizanak asetzen, eta ez dira egokiak bizi dugun errealitate sozioekonomikoari aurre egiteko.

 

Aurrekontuen prozesu honen hasieran, EH Bildutik erabaki genuen ez aurkeztea osoko zuzenketarik udal aurrekontue, gure borondatea erakusteko eta Udal Gobernuarekin negoziaketak errazteko. EH Bildutik modu positiboan baloratzen dugu Udal Gobernutik jaso genuen erantzuna, prest agertu direlako berba egin eta negoziatzeko (iaz ez bezala, ez zela negoziaziorik gertatu).

 

Azkenean akordioa ez da gauzatu, eta Udal Gobernuak gure proposamen guztien kontra bozkatu du, eta EH Bildutik udal aurrekontuen kontra bozkatu dugu, oposizio guztiak egin duen bezala.

 

EH Bildutik modu positiboan baloratzen dugu Udal Gobernuarekin gauzatu dugun prozesua, baina zoritxarrez azkenean ez da konfiantza eta berme nahikorik izan akordioa lortzeko. EH Bildurentzat, "paperak dena eusten du", baina horretarako ezinbestekoa da akordioan jasotakoa benetan beteko dela, hau da, hitzak ekintzekin lagundu behar dira, eta baldintza horiek ez dira bermatu negoziazio-prozesuan.

 

Era berean, PNV eta PSEren jarrera salatu nahi dugu, EH Bildutik aurkeztu ditugun zuzenketa edo proposamen guztien kontra bozkatu dutelako. Proposamen horietako batzuk erabat onargarriak izan dira Udal Gobernuarentzat, eta beharrezkoak dira Getxorentzat, besteak beste: Getxobusa martxan jartzea, "Getxoztarra" fidelizazio-txartela sustatzea, lurzoru publikoa saltzea ekiditea eta bere ordez etxebizitza soziala bultzatzea, Udalak ahaztuta duen San Martin eraikinean ludoteka bat sortzea, jai batzordeen diru-laguntzak handitzea, boulder berri bat eraikitzea, Andra Mari kiroldegia eraberritzea, Alangoko gasolindegian artistentzako gune autogestionatu bat sortzea, bidegorri-sarea handitzea, Mimenagako padura ekologikoki berreskuratzea, kontratazio zuzena bultzatzea azpikontratazioen gainetik eta abar.