AKTUALITATEA


| 2024-05-29 06:18:00

Pisu turistikoen eragina denen ahotan dago. Horien hedaketak arazoak sortzen ditu herrietan: etxebizitzaren arazoa larriagotu egiten dute pisu turistikoek, alokairurako pisuen kopurua gutxitzen dutelako. Bestalde, hirigune historikoetan gentrifikazio prozesua areagotzen da eta hauek euren izaera galtzen dute, eta are larriagoa dena, bertoko biztanleek alde egin behar dute prezioak igotzen direlako.

Esan bezala, biztanle autoktonoen galera nabarmena da, eta hori espazio fisikoa eraldatzearen ondorioa da; izan ere, etxebizitzetan egindako inbertsioek turismora bideratutako apartamentuak sortzeko, garestitu ditu zeharo etxebizitzen alokairua zein erosketa.

Hirigunea merkantilizatzeko prozesua areagotzen da pisu turistikoen eraginez. Europako hainbat lekutan ikusi duguna dagoeneko gurean dugu. Portu Zaharrean pisu turistikoen hedaketak eragina nabarmenak ditu eta horrelako egoerak ez baditugu gelditzen ondorioak are larriagoak izango dira. 

Administrazio publiko eta pribatuen konplizitateaz elikatutako itzulerarik gabeko turistifikazio bidean gaude. Horren eredu argia Portu Zaharreko Etxetxua: udal gobernuak eraikin historikoa bereganatzeko aukera zuen, ez zuen egin, eta gaur egun udaletxea izan zen eraikina pisu turistikoa da. 

Tamalez Getxo ez da turistifikazioak eragindako kalteaz aparte geratu. Duela gutxi argitaratutako txosten batek esaten zuen Getxok goi mailako postuetan zegoela pisu turistikoaren kopuruari dagokionez. Dagoeneko berandu gabiltza, eta ezin dugu arazoa larritzen uzten eskumenen kontu batengatik. Hala ere, aintzat hartuta gaur egun indarrean dagoen prozedura, udalak baditu neurriak martxan jartzeko aukera. 

Horregatik guztiagatik hurrengoa eskatzen diogu Getxoko osoko bilkurari: 

1. Pisu turistiko berrien lizentziak aitortzeko, Eusko Jaurlaritzak udalari eskatu behar dizkion txosten guztiak ezezkoak egin ditzala udal gobernuak.

2. Pisu turistiko guztien egoeraren azterketa egin dezala udalak udal ordenantzak betetzen dituzten ala ez jakiteko. 

3-. Legez kanpoko pisu turistikoak zabaltzen direnean eta udala horren jakitun denean bere bitarteko guztiak jar ditzala, legezkoak diren neurriak hartzeko eta pisu turistikoa ixteko. 

4. Eusko Jaurlaritzaren baimena ez duten pisu turistiko guztien salaketa jar dezala udalak dagokion tokian. 

5. Udalak etxe komunitate guztiei gutuna bidali diezala azalduz euren komunitatean pisu turistikoak ekiditu nahi badituzte komunitatearen estatutuak aldatu daitezkeela. Horretarako udalak aholkularitza zerbitzua antolatuko du tokiko finka administratzaileekin elkarlanean. 

6. Ahal den neurrian udalak Eusko Jaurlaritzarekin kudeaketa mandatua edo antzeko hitzarmena sinatu dezala udalak ikuskaritza egin ahal izateko. 

7. Pisu turistikoen hedaketa gelditzeko bere esku dauden neurri guztiak har ditzala gobernu taldeak.