AKTUALITATEA


| 2024-06-26 11:22:00

Osakidetzan, gainerako bizitzako eremuen antzera, etorri da uda sasoiko oporraldia,  beharrezkoa den deskantsua hartzeko momentua. Halaber, aipaturiko oporrak urtero iritsi arren, urtero inolako planifikazio eta aurreikuspenik gabe aurkitzen dira Osakidetzako langileak; ondorioz, urtetik urtera egoera larriagotzen doa. Izan ere, jada Osakidetzak pairatzen duen osasun profesional gabezia ez delako soilik uda sasoiko oporretarako, gainerako oporretakoa edota beste era batera esanda, gertakizun puntual bat. Urteetako planifikazio gabeziak eta pertsonal politika ez egokiak gaur egun Osakidetza aurkitzen den egoera kaxkarrera eraman dute, guzti horren ondorioak herritarrek euren osasun arretan pairatzen dutelarik; nahiz eta osasun langileek ahal duten guztia egin dituzten baldintzetan, gero eta zailagoa izan da euren gain-esfortzuari esker kalitatezko arreta mantentzea.

Pandemia baino askoz ere lehenago, urteak lehenago, jada aurreikusten zen Osakidetzan urte hauetan egongo ziren jubilazio kopuru altuak. Hala adierazten zuten osasun eragile, sindikatu, aditu eta baita Osasun Sailak ere. Baina urteetan ez zen eta ez da horri aurre egiteko neurririk hartu. Halaber, Jaurlaritzak ere Europatik ohartarazpenak jasoak zituen, ezartzen ari zen pertsonalaren kontratazioagatik, zeinaren bidez tenporalitatea sustatu den eta horrek, Osasun Etxeetan mugikortasun handia, desatxikimendua eta baldintza kaxkarrak eragin dituen, poliki-poliki plantillaren mehetzea ekarriz.

Ondorioz, gaur da eguna non gure herriko osasun etxeen egoera, Etenik Gabeko Arreta Guneena edota Emergentziak Erakunde Sanitario Integratuarena jasanezina dela. Eta udalok, horren aurrean ezin gara isildu, ikusita guzti horrek gure herrietan dituen ondorioak, batez ere herritar zaurgarrienengan, osasun arreta jarraipena behar dutenengan eta, oro har herritar ororengan duen eraginagatik.

Ondorioz, arestian aipaturiko arrazoiengatik eta egoeragatik Getxoko Osoko Bilkurak hurrengoa eskatzen dio Udal gobernuari:

1.- Getxoko udalak eskatzen dio Osasun Sailari, herritarrei kalitatezko arreta ziurtatzeko Osasun Etxe eta Etenik Gabeko Arreta Guneetako ordutegi eta txanda guztietan beharrezkoak dien espezialitate eta kategoria guztietako  osasun profesionalak ezar ditzala, baita medikuak ere. Horretarako, has dadila pertsonal politika eraldatzen eta Osakidetzako mahai sektorialean adosten epe motz, ertain eta luzera begirako neurriak osasun langileen ordezkariekin.

2.- Getxoko udalak eskatzen dio Osakidetzari Uribe ESI-rako udako opor sasoiari begira kontingentzia plan propioa definitu eta adostu dezala bertoko osasun langileekin.

3.- Getxoko udalak eskatzen die Osasun Sailari eta Osakidetzari, Etenik Gabeko Arreta Guneetako eta Osasun Etxeetako zein udalerriko zerbitzuetako ateetan eta iragarki tauletan osasun zerbitzuetan izango den ordutegia eta egongo diren zerbitzuak gardentasunez azaltzeaz gain, komunikabideen bidez ere, aurrez herritarrei jakinaraztea. Horrela herritarrek momentu oro jakin dezaten nora jo, izan dezaketen gaixotasun edota larritasunaren arabera.

4.- Getxoko udalak eskatzen die Osasun Sailari eta Osakidetzari,  “Emergentziak ESI” orain daukan dimentsionamentu azpiko egoeratik atera dezatela behar duen errekurtso eta plantillaz hornituz, kalitatezko arreta emateko.