AKTUALITATEA


| 2024-10-29 11:40:00

Getxoko EH Bilduk ekimena egin du gaur goizean Getxoko kaian, gurutza-ontzien eredua salatu eta bestelako turismo-eredu bat aldarrikatzeko. Gaur 5200 turista baino gehiago ekarri dituen gurutza-ontzia heldu da kaira; goizeko 8etan heldu eta 17:00etan alde egingo du, 10 orduko bisita arina, beraz. Aurten inoiz baino kruzero gehiago heldu dira Getxora, 80tik gora, iaz baino %35 gehiago, euskal erakundeetatik apustu argia egiten ari baita Getxoko kaia sustatzeko eta gurutza-ontzien zirkuituan txertatzeko, Europako beste hiri batzuetan mugatzen ari diren bitartean.

EH Bildutik hainbatetan azpimarratu dugu ez dugula gurutza-ontzien ereduarekin bat egiten, ikuspuntu ezberdinetatik. Lehenengoa ingurumen ikuspegitik da: datuek argi erakusten dute garraio-biderik kutsakorrena dela. Kruzero batek batazbeste hegazkin batek baino bi aldiz CO2 gehiago igortzen du bidaiari bakoitzeko, eta 100.000 kotxe baino gehiago. Gure hirietan auto kutsakorren joan-etorria mugatzen ari gara isuri baxuetako eremuen bidez, baina bitartean gure kostaldean milaka kotxe baino gehiago kutsatzen duten gurutza-ontziak etortzea sustatzen dugu.

EH Bildutik hainbatetan eskatu dugu neurtzea kruzeroek gure kostaldean duten eragina, baina EAJ-PSE-PPk ez dute onartu nahi izan. Gainera, bidaiariak garraiatzeko dozenaka autobus sartzen dira kaira kruzero bat heltzen den aldiro, horrek ere sortzen duen joan-etorri etengabearekin. Argigarria da ere autobus zerbitzuarekin gertatu dena: Andra Mari edo Zubileta bezalako auzoetan "Getxobusa"-ren zain jarraitzen duten bitartean, kruzeroetako turistek metrora joateko autobus zerbitzua dute, portuak kudeatuta.

Turismo-ereduari dagokionez ere, argi dago gurutzaontzien eredua ez dela horrenbeste aldarrikatzen den "turismo jasangarria"-ren adibidea. "Turismo-express" delakoa sustatzen du, lekuetatik pasatzen dena lekuak ezagutu barik, bertako kulturan murgildu barik eta leku turistiko zehatz batzuetan bisitak eginez talde erraldoietan.

Argi dago Getxoko portuko egoera ezin dela parekatu Bartzelona, Palma edota Venezian bizi duten egoerarekin, baina argi dago norabide horretan goazela eta beranduegi izan baino lehen neurriak hartu behar direla: ondorioak neurtu behar ditugu, arautu eta mugak jarri.