Urteak daramatzagu esaten etxebizitzaren arazoak ikuspegi poliedrikoa duela, ez dela konponduko neurri soil batekin baina beharrezkoak diren neurri guztien artean agian alokairuzko etxebizitza sozialen beharrak lehentasuna izan behar du, are gehiago, Udalak etxebizitza parkea izan beharko luke lehentasun, alokairuan jartzeko herritarren beharren arabera.
2019ko ekainaren 25ean Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Alderdi Sozialistak aurkeztu zuten gobernu akordioak hitzez hitz dio: “Etxebizitzara sarbidea izatea bermatzea, beharrizan guztiak aztertuz, udal hirigintza-politikak indartuz gizarte-eskubideak babesteko ikuspuntuarekin eta beharrizanen aurrean irtenbideak eskainiko dituen Etxebizitza Plan berria (2020- 2035) idatziz, etxebizitzen ondare publikoa areagotuz eta alokairu sozialaren aldeko apustua eginez.”
Ematen zuen etxebizitza eskuragarri izatearen alde egiteko asmoa zegoela. Baina Getxok eta getxoztarrek, eta batez ere getxoztar gazteek, ez dute denborarik. 2020-2035 plangintza aipatzen da, horrek esan nahi du ustezko plangintza hori egikaritzen hasten den arte gutxienez 4 edo 5 urte pasatuko direla, eta gure jendeak, gure gazteek ezin dute denbora hori itxaron. 4 edo 5 urtetan bizitza proiektuak hasi eta garatzen baitira, askotan Getxotik urrun eta ondorioz Getxok zaharkitutako hiri bilakatzen jarraitzen du.
Jakina da Udalerri honetan HAPOak daukan atzerapena, baina jakina da ere, legeak markatzen duen bezala, 2021ko irailean HAPO berria aurkeztua izan behar duzuela eta horrek esan nahi du oraindik ere posiblea dela ideiak barneratzea.
Aipatu bezala arazoari aurre egiteko badago aukera ugari eta gure proposamenean ez gara aitzindariak izango. Ez dugu ezer berria proposatuko, dakizuenez, 2020ko azaroan Donostiko Loiola auzoan zegoen Guardia Zibilaren lurrak hiriko Udalari saldu zitzaizkion etxebizitzak eraikitzeko. Beraz, esan bezala, aurretik beste batzuek egindakoa eta zuon alderdiak onartutakoa eskatzera gatoz besterik ez. Bide horretan Getxoko Osoko Bilkurari zera eskatzen diogu:
Guardia Zibilak okupatzen duen Lur eremu hori herriak berreskuratzeko egin behar diren prozesuak abian jarri ditzala.
Lurrak berreskuratzen dituenean, egin behar diren azterketa eta arau moldaketa guztiak egin ditzala HAPO berrian sartu ahal izateko lur eremu horren berreraiketa.