EH Bilduren salaketatik urtebetera, azkenean Udal Gobernua (EAJ–PSE) behartuta egon da Fadura eta Bolueko hezegunearen artean dagoen “La Palmera” izeneko eremuan aurreikusitako jarduketa nabarmen aldatzera, 2025eko azaroan behin betiko onartu den Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) aurrera atera ahal izateko. Aldaketa hori zuzenean txertatu zuten behin betiko onarpenerako aurkeztu zen dokumentuan, eta horrela, HAPOaren arduradun politikoak hilabete luzez batzordeetan ukatu zuena onartu behar izan dute azkenean.
2024ko uztailean HAPOa behin-behinean onartu zenean, Udal Gobernuak Fadurako kirol-ekipamendua handitzeko asmoari eusten zion “La Palmera” izeneko eremuan, Fadura eta Bolueko hezegunearen artean, 44.565,89 m²-ko lurzoru urbanizaezina okupatuz.
Eremu hori akuiferoen kutsadurarekiko “kalteberatasun handikoa” dela katalogatuta dago, eta honako sailkapen hauek ditu: Nekazaritza-abeltzaintza eta landa-eremua, Ekosistemen Hobekuntzarako Gunea eta berreskuratu beharreko eremu degradatua. 2022an, Eusko Jaurlaritzak berak ohartarazi zion Getxoko Udalari eremua berriz mugatzeko beharra zegoela edo, bestela, Lurralde Plan Sektorialarekin (PTS) bateragarria ote zen zorrotz aztertzeko. Hala ere, Udalak entzungor egin zion ohartarazpen horri: ez zuen eremua berriz mugatu, ezta derrigorrezko ingurumen-azterketa egin ere, EH Bildutik publikoki salatu genuen bezala.
EH Bilduk orduan ohartarazi zuen HAPOak argi eta garbi urratzen zuela Hezeguneen PTSa, kalteberatasun handiko eremuetan kirol-instalazioak espresuki debekatzen baititu. Salaketa hori, ordea, planaren arduradun zen zinegotziak ukatu egin zuen hainbat batzordetan, ebidentzia bera ere gezurtatzeraino.
Orain, 2025ean HAPOa behin betiko onartzeak hasieratik arrazoia genuela berresten du: Udal Gobernuak Faduraren handitzea aldatu behar izan du plana aurrera ateratzeko. Kirol-instalazioetarako aurreikusitako azalera 44.565 m²-tik 16.653 m²-ra murriztu da, errepide batek banatutako bi eremutan, eta horrek ezinezko bihurtzen du EAJk eta PSEk aurreikusten zuten futbol-zelaia egitea.
EH Bilduren ustez, zuzenketa honek berriro ere agerian uzten du Udal Gobernuaren zorroztasun falta eta jarrera arduragabea, PPren babesarekin. “HAPO batek irizpide tekniko eta legaletan oinarrituta egon behar du, eta ez gero ingurumen-araudiarekin talka egiten duten desio politikoetan. Faduran planteatu zutena inoiz ez zen errealista ezta bideragarria ere, PTSak berak ohartarazi zien bezala”, adierazi dute.
Gertakari hau beste adibide bat da, urteetako atzerapenarekin eta presaka landutako HAPO baten isla, inkoherentziaz betea eta interes urbanistiko pribatuetara lerrotua. “EAJk eta PSEk arazorik ez zegoela zioten tokian zuzentzera behartuta egon dira. Errealitateak eta ingurumen-araudiak behartu dituzte”.
EH Bilduk lanean jarraituko du legezkotasunera egokitutako, ingurune naturala errespetatzen duen eta interes orokorraren zerbitzura dagoen hirigintza-plangintza serio baten alde.