EH Bilduk 2024ko abuztuan eskatu zizkion azalpenak udal gobernuari, Irurak Bat jauretxearen eraisketa gertatu eta berehala. Orduan galderak erregistratu genituen eta espediente administratiborako sarbidea eskatu genuen. Ordutik, udal gobernuaren —PNV eta PSE— jarrera etengabea izan da gardentasun eza eta oztopatzea.
Batzordeetan agerraldiak ukatu dituzte, haien funtzionamendua bera ere aldatuz azalpenak saihesteko. EH Bildutik auzia Fiskaltzara eramatea eskatu genuen, baina proposamena baztertu zuten. Geroago, prozedura penala hasita zegoenean, Udala auzian pertsonatzeko eskatu genuen, eta berriro ere udal gobernuak hori galarazi zuen.
Oposizioaren presiopean, gobernuaren erantzun bakarra sustatzaileari 50.000 euroko isuna ezartzea izan zen, udal arkitekto batek egindako txosten batek enpresak eraikin babestua eraisteagatik 730.000 eurotik gorako irabaziak izan zituela kalkulatzen zuen arren. EH Bildutik eskatu genuen gutxienez kopuru horretara iristea zehapena, enpresak legez kanpoko jarduketatik etekin ekonomikorik atera ez zezan.
EH Bildu hasieratik bertatik prozedura administratiboan pertsonatu bazen ere, udal gobernuak behin eta berriz ukatu zigun informaziorako sarbidea. Azkenean, gure taldeak jarritako errekurtso baten ondorioz, udal idazkariak arrazoia eman zigun eta bai zehapen prozedura bai espediente administratiboa hasierara atzera botatzea agindu zuen.
Jarrera oztopatzaile horrek gertatutako guztia Fiskaltzaren esku jartzera eraman gintuen. Gaur, Ertzaintza udal bulegoetan erregistroak egiten ikusi dugu, Getxoko herritarrek merezi ez duten irudia.
Espero dugu jarduera judizialek gertatutakoa argitzea eta dagokion erantzukizun politiko eta juridikoak depuratzea. Aldi berean, espero dugu honek guztiak udal gobernua Getxoko ondarearen defentsa serioago hartzera behartzea —ez baita kasu isolatua, ez da PNVk eta PSEk eraistea ahalbidetu duten lehen eraikin babestua— eta, batez ere, gardentasun ezan oinarritutako gobernantza eredua aldatzera.
EH Bilduk ez du alde batera begiratuko. Egiaren berri izan arte eta erantzukizunak “nork ere izan” bere gain hartu arte, ekimen politiko, administratibo eta judizial guztiak bultzatuko ditugu. EH Bildu eredugarritasunaren eta kudeaketa publikoaren garbitasunaren bermatzaile da, eta EAJ-PSEren gobernuari eskatzen diogu horren arabera jokatzeko eta gai honetan azkeneraino iritsi ahal izateko laguntza eskatzen diogu. Getxok bere ondarea defendatuko duen, zintzotasunez jokatuko duen eta interes pribatuak interes orokorraren gainetik jarriko ez dituen gobernua merezi du. Zigorgabetasunaren eta isiltasunaren aroa gaur amaitu behar da.
Getxon, 2026ko urtarrilaren 14an