Guardia Zibilak EH Bilduko bi kide identifikatu zituen astelehenean, irailak 25, Algortako kuartelaren aurrean, euren lana egiten ari ziren bitartean. EH Bilduk mozioa aurkeztuko du iraileko osoko bilkuran, Algortako kuarteleko lurrak herriarentzat berreskuratzea proposatuz. Testuinguru horretan, EH Bilduko bi kideek, euretariko bat Getxoko Udaleko zinegotzia, argazkiak atera zituzten kalean, kuartelaren aurrean, eta alde egiten ari zirela Guardia Zibil bi euren atzetik joan ziren, identifikatu eta mehatxatzeko.
EH Bilduk gogor salatu du koalizioko bi kideek jasan zuten jazarpena: "Kuartela erabat lekuz kanpo dago gure herrian, ez du inolako ekarpenik egiten eta beste zeregin batzuetarako beharrezkoak diren lurrak okupatzen ditu". Norabide horretan, EH Bilduk mozioa aurkeztuko du osteguneko osoko bilkuran, kuarteleko lurrak herriarentzat berreskuratzeko asmoz: "Armen baimenak eman eta ikuskaritza egiteko edota NAN egiteko ez da beharrezkoa horren lur zati handia bereganatzea getxoztarron kalterako. Arrotza egiten zaigu Guardia Zibila, arrotza kuartela eta arrotza kuartela herriaren erdian izatea".
2014. urtean Getxoko osoko bilkurak gehiengo absolutuz onartu zuen Guardia Zibilaren kuartelaren lurrak berreskuratu eta ondasun publiko bihurtzea. Baina EH Bilduk argitu duenez, geroztik ez da urrats gehiagorik eman gai honetan. Horregatik, mozioa aurkeztuko du iraileko osoko bilkuran: "Udalari eskatuko diogu Guardia Zibilak okupatzen dituen lur horiek berreskuratzeko plan oso bat egin dezala, lur horien balioaren aurrekontu ekonomiko eta erabilera-plan estrategiko batekin batera".
EH Bilduk hainbatetan proposatu du gaur egun kuartelak okupatzen dituen lurretan, Algorta erdigunean, alokairu sozialeko etxebizitzak egokitzea, espazio zabal eta ireki batekin batera.