Gure udalerriko historian hainbat zine areto izan ditugu Getxoko auzo ezberdinetan. Azkenak ixten Areetako Gran Cinema (2005) eta Algortako Gurea zinemak (1998) izan ziren, Getxo Antzokiarekin batera. Azken bi hamarkadetan, zine komertzial areto bakarra geratu zaigu, Kirol Portukoa, baina hauek ere ixteko arriskuan daude, eta Getxon ez litzaiguke inolako zine areto komertzialik geratuko, horrek gure herriko kultur eta aisialdi eskaintzan sor dezakeen hutsunearekin. Muxikebarrin zine-foruma eta umeentzako zinea eta Andres Isasiko zine-kluba izango lirateke eskaintza bakarrak, baina ez genuke zinerik izango egunero eta ezingo genituzke estreinaldiak ikusi, beste udalerri batzuetara joan beharko ginateke, merkatal-guneetara kasu batzuetan, horrek dakarren kontsumo-ohitura eta mugikortasun-ereduarekin.
Nabaria da azken urteetan ikusleen kopuruak behera egin duela zine-aretoetan, eta horrek ere eragin zuzena izan duela aretoen itxieretan. Ikus-entzunezko edukiez gozatzeko ohiturak ere aldatu dira, plataformen eraginez. Baina badira oraindik ere zine-aretoen goxotasunaz eta kalitateaz gozatu nahi dutenak, eta hainbat zine-areto eraberritu egin dira ikusleak erakartzeko, aukera ezberdinak eskainiz.
Zinema, historikoki, topaketarako, hausnarketarako eta gozamenerako espazioa izan da herrietan, gazteenetatik nagusienetara, eta ikusle fidelak ere baditu. Zineak desagertzeak galera handia ekar diezaioke gure herriaren bizitza komunitarioari eta kultur garapenari.
Egoera horren aurrean, ikusita Kirol Portuko zine aretoak ixtear egon daitezkeela, premiazkoa da alternatiba bideragarriak kontuan hartzea, udalerriak ez dezan galdu egunero zinea eskaintzen duen aretorik. Zinema komertzialeko areto berri bat irekitzeko azterketa egitea konponbide egokia litzateke behar hori betetzeko, kalitatezko proiekzioa bermatuz, ikus-entzunezkoak pantaila handietan gozatzeko aukera egon dadin. Zine jaialdietako proiekzioak ere bertan egin ahalko lirateke: Cine Invisible, Mendi Film, Zinegoak...
Zinema komertzialeko areto berri bat irekitzeak bermatuko luke herriko biztanleek zinema eskaintza askotarikoa eskuragarri izaten jarraitzea, baita egungo instalazioak itxi ondoren ere. Areto hori kalitatezko filmak modu irisgarrian proiektatzeko beharrezkoa den teknologiaz hornituta egongo litzateke, eta estreinaldien, autore zinemaren, haurrentzako zinemaren eta publiko desberdinen interesak asetzen dituzten beste genero batzuen programazio erregularra izango luke.
Helburu horrekin, Udalak azterketa egingo luke ikusteko zein areto izan daitekeen egokiena aukera hori eskaini ahal izateko. Muxikebarri bera izan daiteke aukera egokia: hasieran bertan zerbitzu hau ematea aurreikusten zen, proiektorearekin arazoak egon ziren, gero ideia baztertu zen, eta gaur egun ostegunero bakarrik proiektatzen da helduentzat, eta hilabete jakin batzuetan bakarrik gainera.
Honegatik guztiagatik, honako mozio proposamena aurkezten diogu Getxoko Osoko Bilkurari:
Getxoko Udalak konpromisoa hartzen du egunero zinea eskainiko duen zinema-areto bat egokitzeko, eta horretarako baliagarriak izan daitezkeen aukera ezberdinak aztertuko ditu.