AKTUALITATEA


| 2023-12-14 10:26:00

Gaur egun, 0-1 urte arteko gelan 16 leku baino ez dira eskaintzen; eta 1-2 urte bitartean 78. Espazio guztiak beteta daude. Mozioa aurkeztuko du Getxoko EH Bilduk abenduko osoko bilkuran.

Getxoko haurreskolan umeentzako leku gehiago eskaintzea eskatu du EH Bilduk, gaur egungo eskaintza eskariari aurre egiten ez diolako. Udalerriak haurreskola bakarra du, eta 0-1 urte arteko gelak 16 leku baino ez dira eskaintzen. 1-2 urte bitarteko gelan, bere aldetik, 78 umerentzako lekua eskaintzen da. Haurreskolak %100-eko okupazioa du eta ikasturte honetan ez dago ume gehiagorentzako espaziorik.

Egoera honen aurrean, eta LAB sindikatuaren eskaerari erantzunez, mozioa erregistratu du Getxoko EH Bilduk, abenduaren 21eko osoko bilkuran eztabaidatzeko. Bertan Udalari eskatuko zaio Haurreskolak Partzuergo Publikoarekin elkarlanean, Getxon nahikoa plaza bermatu dezatela Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko (0-2/3) zerbitzu publiko, doako eta euskalduna eskainiz. Horretarako, beharrezkoak diren neurriak hartu beharko lituzkete: Haurreskola handitzea, Haurreskola berria eraikitzea eta abar.